IKUS-ENTZUN

Zinemaldiko kartelaren estreinako lehiaketa

Donostia Zinemaldiak 59. ediziorako diseinua eta kartelak aukeratzeko lehiaketarako deialdia egin du lehendabizikoz. Parte hartzeko epea martxoaren 18an zabaldu da eta apirilaren 15an amaituko da. Zinemaldia, berriz, irailaren 16tik 24ra egingo da aurten.

Lehiaketaren helburua Zinemaldia hainbat lekutan sustatzeko eta iragartzeko beharrezkoak diren kartelak aukeratzea da. Euren proposamenak aurkezteko interesa daukaten diseinu grafikoko lantoki eta agentziek nahiz banakoek hartu ahal izango dute parte deialdi honetan. Lehiaketa nazioartera zabalduko da eta mundu osoko pertsona fisikoak eta juridikoak aurkeztu ahal izango dira bertara.

Lehiaketa honetan parte hartzeko ezinbestekoa izango da jarraian adieraziko ditugun sail guztietarako kartel proposamenak bidaltzea. Era berean, sail bakoitzeko nahi adina kartel aurkeztu ahalko dira. Honako hauek dira sailak: Ofiziala, Zinemaldi osoaren irudi nagusia izango da edizio honetan; Zabaltegi, sail honek bi atal ditu, batetik, lehenengo edo bigarren lanak aurkezten dituzten talentu gazteen lehiaketa (Zuzendari Berriak) eta, bestetik, beste nazioarteko zinemaldietan aurkezturiko film garrantzitsuei dagokiena (Perlak); eta Horizontes Latinos, soilik Latinoamerikatik etorritako filmen lehiaketari dagokion atala.

Irabazleak kartelak ez ezik, jakinarazpenetarako eta seinaleztatzeko hainbat bertsio eta egokitzapen emango dizkio Zinemaldiari, hark ezarritako epeen barruan.

Lehiaketaren informazio osoa eta xehetasun guztiak hemen jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button