MUSIKA

“Harria”, harrizko txalaparta, trikitia, dantza eta herri kirolak biltzen dituen lan berria

Iñaki Palacios txistulariak (Gasteiz, 1988) Harria diskoa kaleratu berri du, Gasteizko Mulixka dantza taldearen koreografia eta Iñaki Perurenaren olerkiekin osatutako ikuskizunaren estreinaldiarekin batera.

Oiartzungo Mecca estudioan Mikel Ezeiza eta Igor Ezeizarekin grabatu, eta Baga Biga Musika ekoizpen etxeak kaleratu du txistuaren doinu tradizionalak eta folk doinuak uztartzen dituen diskoa. Iñaki Palacios txistulari trebeak txistuaren kontzeptu dinamiko, berritzaile eta garaikidea dakar bere lan berrian.

Txistuaren gainean eraiki dira diskoan jasotzen diren 10 melodiak eta kantuen garapenak, baina Harria diskoak baditu beste bi osagai garrantzitsu: harrizko txalaparta eta trikitia. Hala, dantza, poesia eta folk musikaren elementu nagusi eta bateratzailea bilakatzen da txistua Harria ikuskizunean. Hartara, lan honen kontzeptuaren funtsa eta soinua harrizko txalapartaren eskutik etorri da, “tinbre hauskorra eta soinu sentibera, harria balioan jartzeko, beti ere, Iñaki Palaciosen musikaltasunean oinarrituta”.

“Gitarra, baxua, bateria eta samplerren ekarpenekin, kantuek txinparta alaiak sorraraziko dituzte, aproposak dantzarako, edo Iñaki Perurenaren errezitalerako”, argitu dute ekoizpen etxeko arduradunek.

“Harria” ikuskizuneko  poesia musikatuak egin ditu Iñaki Perurenak. Bertan, harriarekin izan dituen bizipenak kontatzen eta kantatzen ditu, gero Mulixka dantza taldeak, melodia horiek dantza bihurtuta. Hala, Josu Sanchez koreografoak “harriaren nortasuna erantsi die doinu horiei, herri kirolaren esparrura ekarrita”.
Era horretan, Harria ikuskizuna plaza eta kaleko ikuskizuna da, eta oholtza gainean Mulixka dantza taldeko 8 dantzari, bost musikari (Javi Garay, Eneko Espino, Errando Lopez de Luzuriaga, Iñaki Alarcia) eta Iñaki Perurena arituko dira.

Iñaki Palacios txistulariaren bigarren diskoa da Harria. 2017an kaleratu zuen lehena: Lurra, ardoa, dantza. Lan horrekin ere  ikuskizun bat atondu zuen Arabar Errioxako mahastiak eta ardoak xede hartuta. Hala ere, 2013an egin zen ezaguna Danza del Vino kantuarekin, eta  geroztik, mahats bilketaren jaiak doinu hori hartu du ereserki gisara.

Harria diskoa gehiago ezagutzeko, Baga Biga musika ekoizpen etxeak duen web atarira jo dezakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button