LITERATURA

Zu zara orain txoria

Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehen liburua kaleratu du: Zu zara orain txoria. Betidanik izan da irakurlea, baina debeku politikoen zoramenak kartzelara eraman zuenean ekin zion idazteari, eta poesia-liburu hau sortu zen, senez asmatua eta esku onez burutua. Hiru partetan banatuta, espetxeari berari buruzkoak dira poemetako batzuk, amodioari eskainitakoek osatzen dute beste parte bat, eta utopiari lotutakoak dira azkenengoan.

Espetxea=Ez-lekuak: “Goizaldean etxean sartu eta eraman egiten zaituzte, beste nonbaitera, lehenengo komisaldegira eta ondoren kartzelara; Soto del Real eta gero Alcalá-Meco. Bi urte izan dira, ez-lekuetan, egun bat ere gehiegi den tokian. Lehenbailehen egokitu beharra dago bertara. Ez da lan xamurra. Mundu arrotza da, biziki bortitza eta bitarteko guztiak dituena pertsona moduan neutralizatzeko. Holakoetan, berebiziko garrantzia dauka zure inguruak: bikotea, familia, lagunak, ezagunak, kideak… horiek ondo badaude, daukazun indar apurra zeuretzako baliatu ahal duzu eta lau paretek ere badituzten zirrikituetatik arnasa hartu ahal duzu. (…)
Hori da kartzela niretzat, ez den lekua, han dagoen inork, ezta funtzionarioek beraiek ere, egon nahi ez lukeen gune itogarria. 29 pauso luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, “zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa”. Poema liburuaren abiapuntua, halabeharrez, kartzelak behar zuen izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.”

Maitasuna=Leku pribatuak: “Gauzarik ederrenak ere lotsaren iragazgailutik pasatzen dituena ez dabilela ondo iruditzen zait. Nire ustez, bigarren atal honek ere han barruan dituzun sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten dio: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu. Ez gaude oso ohituta gure sentimenduak datozen moduan adieraztera, “maite zaitut” bat entzuteak lotsarazi egiten gaitu askotan.”

Utopia=Leku posibleak: “Haria utopia da, herri berri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira pertsona batzuk amets egin eta ondoren zer amets egin duten gogoratzen ez direnak; badira, ordea, beste batzuk ametsak kontuan hartu eta hauekin konpromisoak hartzen dituztenak”

Mikel Etxaburu Osa (Ondarroa, 1969). Euskal Filologian doktorea da eta HUHEZIn irakaslea.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button