ARTEA

“Bosteko” erakusketa ibiltaria Basaurin izango du aterpe

Bosteko erakusketa ibiltaria Basauriko Arizko Dorretxean egongo da ikusgai irailaren 30etik urriaren 24ra. Getxon hasi eta Bizkaiko bost udalerritako aretoetan zehar ibiliko den Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat izenburupeko erakusketaren bigarren geralekua da hori.

Bosteko erakusketa ibiltaria Javier Landerasen argazkiekin, Laura San Juanen margolanekin eta Mikel Lertxundiren eskulturekin osatu da azken edizio honetan. Arrigorriagako Udalak, Basauriko Udal Kultur Etxeak, Getxoko Kultur Etxeak, Leioako Udalak-Kultur Leioak eta Ametx Erakunde Autonomoak antolatutako erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Erakusketan sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat proposatu nahi da. Baina zertan datza shakkei hori? “Kontzeptu horren arabera lorategi txikiak proiektatzen dira, baina lorategiaren espazio hutsera mugatzen diren funtzioak integratzeko aukera gaindituz elementu mugakideak ere atzematen dituztenak, hala nola tenpluak eta inguruan izaten duten naturaren ezaugarriak”.

Hortaz, Javier Landerasen (Bilbo, 1965) kasuan, japoniar lorategien hainbat argazki erakusten dira, Shironi Hana (2008) eta Kyoto Rikyu (2008-2012) serieen kasuan bezala. Laura San Juanen (Donostia, 1963) kasuan, naturarekin lotutako proposamenak daude. Azkenik, Mikel Lertxundiren (Berriatua, 1951) piezak  erakusten dira, hango estetika horretara hurbiltzea lortzen dutenak, harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta.
“Erakusketa honetarako hautatutako hiru artistek  euren garapen produktiboan oinarritzen dute euren proposamen artistikoen heldutasun esploratzaileak bermatutako ibilbidea, prozesu teknikoetan zein kontzeptualetan oinarrituta. 50eko hamarkadatik 60ko hamarkadaren erdialdera arteko euskal sortzaileen belaunaldikoak dira”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button