bertsotan

Oihane Perea, Arabako txapeldun

Oihane Perea, Arabako txapeldun

Oihane Pereak irabazi du aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketa, Asier Otamendirekin buruz buru aritu ostean, larunbatean, Gasteizko Printzipal Antzokian.

Manex Agirre (Aramaio), Iñaki Viñaspre (Abetxuko), Oihane Perea (Zalduondo), Serapio Lopez (Baranbio), Xabi Igoa (Aramaio) eta Asier Otamendi (Gasteiz) izan dira finaleko bertsolariak.

Nieves del Alamo, bestalde, aurkezle aritu zen eta Aintzane Irazusta gai-emaile. Epaimahaikideak, aldiz, hauexek: Patxi Aizpurua, Ainhoa Aizpurua, Aitor Jimenez eta Mikel Fernandez de Arroiabe.

Puntuazio tarte txikiak izan dira, baina azkenean, Perea garaile. Karla Santistebanek jantzi dio txapela Oihane Pereari. Bertsozale Elkartearen arabera, “Karla 1946an jaioa Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan da. 1982an Arabako lehenengo bertso-eskola sortu zuen, Aiaraldekoa. Geroztik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da. Urte askotan lan isila egin du”.

Txapeldunaren bukaerako agurra hau izan zen:

Iratxe ta Samaniego
zatitxo bat erdibana,
Lautadako bertso-eskola
gauean badugu plana!
Ta zuei bertsozaleak
hori indarra, hori xarma,
nik pixka bat sufritu dut
bai aste honetan barna,
ospitalean daukagu
gure etxeko armiarma,
gogoaren indarra da
entregatzen ez den arma,
gaurko honetan txapelak
Maitetxo izena darama!

Informazio gehiago: bertsozale.eus.

Bertsozale Elkartea-k bidalita // 2017-04-03 · 11:00:07

Bidali zure albistea >>