BESTELAKOAK

“Galdeketaun” lehiaketa, kultura eta euskara elkarrekin

Bilboko Udalak, Nontzeberri atari kulturalaren laguntzarekin batera, aplikazio mugikorraren formatua duen Galdeketaun lehiaketaren laugarren edizioa jarri du abian, gazteek euren mugikorretan euskaraz jardun eta jolas dezaten. 12-17 urteko Bilbo eta bere inguruetako gazteei zuzendutako lehiaketa da.

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.

Bilboko eta Bizkaiko kulturari buruzko test motako (galdera eta erantzuna) ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar ditu. Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bitan iraungo duen lehiaketak, abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra. Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako  sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere. Hortaz, edonor izan daiteke saridun.

Betiko lez, aurtengo edizioan ere berrikuntza ugariekin dator jolasa. Iaz Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren kolaborazioa izan zuen ekimenak. Aurten ere bere laguntza bermatu da. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren lanari esker galdera berri eta zail dezente gehitu dira jokoan, guztiak Bilbo eta bere itsasadarra lotzen dituztenak.
Baina aurten museo hori ez da bakarra izango, izan ere, Bilboko Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak ere Galdeketaun ekimenarekin bat egin dute, eta galdera sorta ederra aportatu dute biek. “Gure museoetan kultur altxor handia eta ezezaguna dugu eta hori zabaltzea eta jakinaraztea ere izango du helburu Galdeketaun lehiaketak hemendik aurrera”.

Hortaz aurten, gure neska-mutilek gehiago jakingo dute Bilboko itsadarrean eta Bizkaiko kostaldean gertatu diren hainbat kontu kurioso eta historiko horiei buruz, bai eta eskulturaz, pinturaz, geografiaz eta abarrez ere.
Webguneko zenbait atal ikusgarriago jarri dituzte eta sariak potoloagoak izango dira.

Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus  webgunean aurkitu daitezke abenduaren 1etik aurrera.

Jolastu euskaraz eta ikasi!!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button