BESTELAKOAK

Gaurtik aurrera berriemailen lanak gurean

Gaurtik aurrera, Nontzeberrik abian jarri zuen kolaboratzaileen lehiaketan irabazle suertatu ziren Nagore Portillo eta Zaloa Basabe berriemaileen lanak ikusteko parada izango duzue abendura arte.

Biak ala biak aurkeztuko dizkizuegu beraiek bidalitako testu hauen bidez.

Nagore Portillo:

Bizitza ikasteko eta esperientziez aberasteko bide bezala ulertzen dut. Gure burua garatzeko bide luze eta aberasgarri bezala (Kavafis-en “Itaka” poeman agertzen den moduan). Horregatik, azkenaldi honetan sortzailea zen zerbait egiteko eta neure burua garatzeko gogoz nenbilen, benetan gustoko nuen zerbait. Badago jendea oso ondo margotzen duena, aparteko musikaria dena, argazkilaria…baina nire kasuan ez nuen halakorik aurkitzen.

Eta orduan gogoratu nuen nola ikastola garaiko azken urteetan idaztea oso gustuko nuen, batez ere oso luzeak ez ziren testuak (poesiak, ipuin laburrak,…) eta nola inoiz neure burua lehiaketaren batetara aurkeztera animatu ninduen literaturako irakasleak (nahiz eta ez nuen egin).

Eta justu nire bizitzako une horretan nengoela, zoriz, Nontzeberri kolaboratzaile bila zebilela jakin nuen. Zoriz diot, birbidalitako email bat jaso nuelako Nontzeberri berriari buruz, eta  normalean forward-ak ez ditudalako irakurtzen. Oraingo honetan baina, irakurtzeaz gain, Nontzeberriren web-sarean sartu eta kolaboratzaile lehiaketa bat zegoela martxan ikusi nuen. Baldintzak irakurtzean (kazetaritza lan bat bidaltzea, testu laburra, …) probatzea pentsatu nuen. Eta zeuden testu aukeren artean elkarrizketak egitea erabaki nuen, aurrez aurre komunikatzaile ona naizela pentsatzen dudalako –jende nahikok esan dit konfiantza igortzen dudala-.

Beraz, elkarrizketen bidez  nire sormena garatzeko aukera ikusi nuen (neurri batean behintzat). Izan ere, elkarrizketak hitzekin eginiko margo ala argazki bezala ulertzen ditut, une konkretu batean pertsona elkarrizketatuaren irudi bat egitea bezala. Zentzu horretan, elkarrizketatzailearen begirada oso garrantzitsua da, begiradaren arabera oso margo ezberdinak lor baitaitezke.

Bestalde, elkarrizketak gauza berriak ikasteko modu bezala ere ikusten ditut. Lehen esan dut bizitza ikasteko bide bezala ulertzen dudala. Ortega  y Gassetek zioen “ni neu eta neure zirkunstantzia naiz”. Eta geure zirkunstantziek, geure buruak osatzen dituzten heinean betidanik piztu dute nire interesa, bizitzan kokatzeko moduak direlako, eta errealitateari begiratzeko modu konkretu bat osotzen dutelako. Nire Itaka pertsonalera iristeko bidean, lor daitekeen altxorrik preziatuenetariko bat gizabanakoen perspektibak ezagutu eta elkar banatzea da. Horregatik hasieratik nire ideia, kolaboratzaile bezala hautatua izatekotan, euskal kulturako poetak, pentsalariak, musikariak… elkarrizketatzea izan zen. Hau da,  jendearen gehiengoarekin alderatuz, ezberdina den ikuspuntu ala munduan egoteko modu bat eskain dezakeen jendea elkarrizketatzea.

Gainera, kolaboratzaile izateko baldintzetan, idatzizko formatuaz gain, bideoak eta bestelako baliabideak erabiltzeko gonbidapena zegoen, eta hori ere ariketa bezala pertsonalki aberasgarria iruditu zitzaidan. (…)

Zaloa Basabe:

Ibilibideari dagokionez, eta soilik honekin harremanduta dagoena aipatuz, Txalaparta argitaletxean editore gisa ia sei urte eman nituen, horrekin batera “Hitzak & Ideiak” aldizkariaren erredakzio taldekoa izan nintzen eta bertan literaturari buruzko artikuluak idatzi izan ditut. Nabarra aldizkarian ere, 3 urtez nazioarteko literaturari buruzko iritzi-artikuluak idatzi izan ditut kolaboratzaile bezala.

Formakuntzaz, kazetaria naiz eta baita generoan aditua ere (izan ere, gaur egun generoarekin lotutako gaiak jorratzen ditut batez ere komunikazio arloan).

Antzerkia biziki gustatzen zait; testua, estenatokia, aktore eta ikus-entzuleen artean sortzen den espazioa beti oso berezia iruditu zait. potentea bezain iragankorra. Horregatik, pantailaren aurrean esperientzia hori berreskuratzeko ahalegina derrigorrez subjektibitatetik pasatu behar da. bestetik, literaturari buruz idatzi izan dudanean ere esperientzia pertsonaletik abiatuta egin dut beti; adierazpen artistikoek norberarengan sortzen dituen zirrarak, zalantzak, egonezinak, harridura eta haserreak interesatzen zaizkit. sarritan bat-bateko sentimendu horiek transferiezinak izaten dira, horregatik lehenengo pertsonan hitz egitea eroso, erreala eta errezagoa egiten zait. besterik gabe. azken finean ni ez naiz arte-kritikaria, irakurlea, ikus-entzulea baizik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button