musika

Blues disko andana plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak

Blues disko andana plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak

Gaztelupeko Hotsak zigiluak blues doinuekin bustitako lau disko berri plazaratu ditu oraintsu: Big Mama Nontse  Band-en Seed Of Love, Malacara and Wilson Band-en Summer Camp  Blues; Leandro & The High Rollers-en Time Is Gold; eta, azkenik, Jimmy Barnatán & The Cocooners-en Bourbon Church.

Jimmy Barnatán & The Cocooners-ek grabatutako Bourbon Church diskoak blues giroak zabaltzen badu ere, askotariko doinuak biltzen ditu: Living in the Highway kantuak funk erritmoak eta rocka uztartzen ditu; Blah, Blah, blah, rock gogorrez blaituta dago eta Strange Fly On The Bird abestiak bossa ukituak ditu. “Bere ikonografiari leial, (Barnatánek) berriz ere utzi du agerian ez dagoela musikarik gabeko ikuskizun txukunik. Oraingo honetan Bourbon Church izena du benetako ikuskizunak”.

Malacara & Wilson Band taldeak, berriz, AEBetako herri-musikaren tradizioan errotutako diskoa plazaratu du: country, folk eta rock, bluesa ahaztu gabe; “amerikarra” deitzen zaion estiloa, hain zuzen. Alex Malacara bartzelonarra Tony Wilson gitarra-jotzaile britainiarrarekin batu da oraingoan, eta emaitza Summer Camp Blues da. “Abestiok galtzaileak eta bihotz minduak dituzte hizpide, leku orotara eta aldi berean inora ez daramaten amaierarik gabeko errepideak, poesia iluna, jaurtigai batean idatzitako izenak”.

Sant Quirze de Besoran jaio zen Montserrat Pratdesaba Big Mama Montse, 1963an. Bartzelonako Blues Elkartearen fundatzailea, sari asko jaso ditu eta egun, emanaldiak eta hitzaldiak egin ez ezik, kantu irakaslea ere bada Bartzelonako Blues Tailer-Ikastetxean. 2013ko martxoaz geroztik, European Blues Union Batzordeko kidea da. Seed Of Love diskoan, blues giroak, funk zertzeladak, gitarra ikusgarriak eta hitz sendoak bildu ditu. “Talentua eta gustu ona biltzen duen blues disko bat bilatu behar bagenu, Seed Of Love litzateke haren izenburua”.

Azkenik, Valentziako Leandro & The High Rollers taldeak blues elektrikoa jorratzen du, eta Time Is God diskoan kontzertuetako giro izerditsua bildu du. Elmore James, Albert Collins edo Willie Dixon klasiko elektrikoak dira valentziarren ereduak. “Erritmoa, emozioa, izerdia eta sentimendua”.

Informazio guztia: hotsak.com.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxea-k bidalita // 2017-05-18 · 14:46:00

Bidali zure albistea >>