IKUS-ENTZUN

Alex Angulo aktorea eta Douglas Sirk zinegilea, FASen

Bilboko FAS zineklubak oraintsu zendutako Alex Angulo aktore bilbotarra omenduko du, bihar, urriak 7, El Carmen aretoan, 19:45ean. Horretarako, Alex de la Iglesiak 1991an zuzendu eta Angulok antzeztutako Mirindas Asesinas film labur mitikoa proiektatuko da.

Horrekin batera, melodramak filmatzen maisua zen Douglas Sirk zuzendari klasikoaren Imitation of Life (1959, AEB) lana ere proiektatuko da; Sirken filmografian aditu den Cristina Ezquerrak aurkeztuko du emanaldia.

FAS zineklubaren arabera, Imitation of Life Douglas Sirken lan onena da, bere filmografiak hainbat film azpimarragarri biltzen dituen arren, tartean, All That Heaven Allows (1955), There’s Always Tomorrow (1956) eta Written on the Wind (1956).

Fannie Hurst idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen da filma. Lana Turner da aktore nagusia, eta Lora Meredith alargundutako aktorearen istorioa kontatzen du. Bere alaba bilatzen ari den bitartean, Annie Johnson emakume beltza ezagutuko du, eta zerbitzari lanetarako kontratatuko du. Era berean, Steve Archer argazkilariarekin maiteminduko da. Horrekin batera, Lora komedietako aktore arrakastatsua bilakatuko da; Loraren anbizio profesionalaren ondorioz, guztien arteko harremanak irauliko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button