IKUS-ENTZUN

Andrei Tarkovsky zinegilearen “Stalker” filma pantailaratuko du Tabakalerak

Bihar, 19:00etan, Donostiako Tabakaleran, sekulako filma ikusteko aukera izango da, Stalker (Andrei Tarkovsky, Sobiet Batasuna, 1979). Zinegile errusiarrak filmatutako pelikula gogoangarrienetakoa da, zientzia fikzioan kokatzen dena.

Tabakaleraren arabera, “Maisulana eta zinemaren historiako pelikula garrantzitsuenetako bat. Zer gehiago esan dezakegu Tarkovski maisu errusiarraren zientzia fikzio klasiko honi buruz?”.

Arkadi eta Borís Strugatski anaiek idatzitako Picnic na obóchine (Picnic estralurtarra) eleberrian oinarritzen da filma. Ez da lan erraza ikuslearentzat, baina bisualki potentzia handiko lana da, eszenaratze bikainarekin eta amaierako eszena ahaztezinarekin. Aditu askoren aburuz, Tarkovskyren lan onena da.

Hauxe kontatzen du filmak, Tabakaleraren arabera: “bada urruneko leku bat eta esaten dute duela urte asko meteorito bat erori zela bertan. Gizakiak sartzea debekatuta daukate ordutik eta militarrek kontrolatzen dute sarbidea. Hala ere, La Zona gisa ezagutzen den leku horretaraino jendea eramatera ausartzen diren gida batzuk daude, stalker izenekoak. Pelikulak eskenatoki postapokaliptiko horretara hiru gizonek egiten duten bidaia kontatzen du. Kondairak dio leku horretan pertsonen sakoneko desirak egia bilakatzen diren gela bat dagoela”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button