ikus-entzun

“Mankiewicz vs Mankiewicz” zikloa, Azkuna Zentroko Zinematekan

“Mankiewicz vs Mankiewicz” zikloa, Azkuna Zentroko Zinematekan

Bihar ziklo berri bat hasiko da Bilboko Azkuna Zentroko Zinematekan. Mankiewicz vs Mankiewicz izenburupean, zinearen historiak eman dituen bi Mankiewicz ezagunenak izango ditu ardatz, Joseph Leo Mankiewicz zuzendaria eta bere anaia nagusia Herman Jacob Mankiewicz gidoilaria.

Joseph L. Mankiewicz hainbat film arrakastatsu zuzendu zituen, tartean, The Barefoot Contessa (1954), The Sleuth (1972) edo All About Eve (1950).

Anaia nagusia, berriz, ez da txikiaren bezainbat ospetsu, baina zinezale sutsuenek badakite makina bat film klasikotan parte hartu zuela, gidoilari, ekoizle edo kolaboratzaile; zerrenda amaiezina da: Citizen Kane (1941) maisulanaren testua idatzi zuen Orson Wellesekin batera edo Marx anaien Duck Soup (1933) film zoro eta frenetikoaren ekoizle exekutibo izan zen.

Zikloari dagokionez, bi anaien filmografiatik hartutako 14 film pantailaratuko dira, 2017ko martxoaren 1era bitarte. Bihar eta etzi, hain zuzen, Joseph Leo Mankiewiczek 1950ean zuzendutako All about Eve eta Herman Jacob Mankiewiczek idatzitako Cititizen Kane (1941) aurkeztuko dira. Datorren astean, halaber, 5 Fingers (1952) eta The pride of the yankees (1942) ikusi ahalko dira.

Mankiewicz vs Mankiewicz programaren jasotako film guztiak hemen zehazten dira: azkunazentroa.eus.

Nontzeberri-k bidalita // 2016-12-13 · 09:57:09

Etiketak

Bidali zure albistea >>