BESTELAKOAK

Haur eta Gazteentzako Liburuaren Eguna

Bilboko Udalaren sare publikoa osatzen duten 16 liburutegiek haurrei nahiz helduei zuzendutako berrogeita hamar kultur jarduera inguru antolatu dituzte, apiril, maiatz eta ekainerako.
Programa horretan, Haur eta Gazteentzako Liburuaren Eguna (apirilak 2) eta Liburuaren Eguna (apirilak 23) ospatzeko ekitaldiak nabarmendu behar dira.

Aipatu programaren barruan, haurrei zuzendutako ipuin-kontalariak, era askotako tailerrak (ipuingintza, sukaldaritza, zientzia…) eta magia-ikuskizunak, hitzaldiak, erakusketak eta idazketa eta irakurketa tailerrak egongo dira.

Gaur berton ospatuko den Haur eta Gazteentzako Liburuaren Egunari dagokionez, udal liburutegiek jarduera anitz antolatu dituzte, hala nola, ipuin-kontalariak Castañoseko liburutegian (euskaraz) eta Errekaldeko liburutegian (gaztelaniaz), liburu-tailerra Zabalan, eta bi txotxongilo-emanaldi: Pantzart taldearen Boli, bili, Boli Begoñako liburutegian, eta Gus Marionetas-en El sueño de Cleta San Ignazioko liburutegian. Gainera, Deustuko liburutegian, ingelesezko ipuin-kontalaria egongo da, British Council-en lankidetzaz antolatuta.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu programa laster jarriko da martxan Begoña eta Deustuko liburutegietan. Irakurketa sustatzea da, Topagunea euskaltzaleen elkartearekin lankidetzan antolatutako kanpaina honen xedea.

Beste aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Irakurleak Eraikitzen jardunaldiak antolatu ditu apirilaren 2an eta 3an.
Jardunaldi horiek gurasoei, liburuzainei eta irakasleei zuzenduta daude. Jardunaldien hizlariekin (Luis Rafael, Luis Arizaleta eta Seve Calleja) eta mahai-inguruetako parte-hartzaileekin batera (Iñaki Zubeldia, Fernando Juárez, Belén Lucas eta Jone Arroitajauregi), hezkuntza munduko adituen, liburu-saltzaileen, erakundeetako arduradunen edo sortzaileen parte hartzea egongo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button