ARTEA

Ana Riaño, Iker Serrano eta Roberto Aguirrezabala, “Bosteko” erakusketan

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Bosteko erakusketa ibiltariaren 18. edizioa aurkeztu dute gaur goizean, Bilbon. Arrigorriaga, Basauri, Leioa, Zornotza eta Getxotik igaroko da erakusketa aurten, eta ondoko artista bizkaitarren lanak bilduko ditu: Ana Riaño eta Iker Serrano pintoreak eta Roberto Aguirrezabala argazkilaria.

“Ana Riaño eta Iker Serrano margolariak dira. Biak aritzen dira pintura errealista garaikidearen eta figuratiboaren arloan, baina estilo desberdinak erabiliz. Roberto Aguirrezabalak argazkigintza lantzen du, narrazio formatuan, erretratu fikzionatuaren eta paisaia eraldatuaren artean”, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Bosteko ekimenean parte hartu duten hiru artistak gizakiaren figuraren inguruan aritu dira, figurazioa eta figurazioak izenburuko erakusketa garatzeko.

1998an sortu zen Bosteko, eta harrezkeroztik, 70 artista euskaldun baino gehiagoren lanak hartu ditu. Hala, Bizkaiko testuinguru kulturalean erreferentziazko erakusketa bihurtu da. Horren harira, “sorkuntza artistikoa babesteko beharra” nabarmendu du Lorea Bilbao Kultura diputatuak.

Bada, erakusketa ikusgai izango da Arrigorriagan hilaren 25era arte. Gero, Basaurin izango da, hilaren 29tik urriaren 17ra arte. Handik, Leioara joango, urriaren 20tik azaroaren 8ra, eta gero Zornotzara, azaroaren 10etik abenduaren 4ra. Azkenik, Getxon bisitatuko du, abenduaren 7tik 30era arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button