ANE ARRUTI


2013/09/13

Ane Arruti bere maketa aurkezten ari da

Ane Arruti zarauztarrak 2012ko uztailean grabatu zuen bere estreinako maketa, eta, egun, grabazio horretako sei kantuak aurkezten ari da hainabat tokitan.

Maketak dozena erdi kantu biltzen ditu: Lonja Zarra; Izpiak; Amildegia; Herdoila; Txintxilik eta Feisbuk; kantuok Arrutiko Intxaurrak izenburupean jaso ditu.

Arruti, besteak beste, Bilbon egin ohi den Txokolatea eta Bizkotxoak saioaren lehendabiziko edizioa ixten aritu zen zuzenean, iragan uztailean, Modesto tabernan.

Egun, lasai ari da, sei abestiok eta beste batzuk aurkezten, han eta hemen: “Lehenengo maketatxoa sei kanturekin grabatu nuen iazko udaberrian. Beste bospasei kantu baditut dagoeneko. Ez dut pentsatu oraindik zer egin, orain edo kantu gehiago ditudanean grabatu, bakarrik edo talde baten laguntzarekin... Auskalo, ez dut presarik”.

Nontzeberri

Biografia

Ane Arruti edo Arrutiko Intxaurrak. Zarauztarra da, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Gara egunkarian ari da lanean kulturako gaietan. Ordenagailuko idazkiak musikarekin uztartzen dituen horietariko bat da.

Kantaria, bera eta bere gitarra oholtza gainean topatuko duzu han-hemenka. Bere musikaz, musikarekin duen harremanaz eta beste gauza askori buruz egin dugu berba berarekin.