SAIOA OLMO


2013/09/13

Eromekanika: eskola

Iragan azaroan Eromekanika: eskola izeneko proiektua abiatu zuten zenbait artistek Bilboko Plataforma Tiranten. Bertan, artista batzuek gizarte-makineriaren erotikari buruzko performancea egin zuten.

Ondoko artistak aritu ziren egitasmo horretan: Saioa Olmo Alonso, Nuria Pérez Alcántara, Naiara Santacoloma Calvo eta Iván Crespo Izaguirre.

Artisten aburuz, “hainbat kontrol dispositibok araututako gizarte-makineria baten parte gara, eta makineria horrek fluxu erotikoei eta lizunei esker funtzionatzen du. Performance honek instituzio arautzaileak operatibo mantentzen dituzten indar erakargarri eta aldarapenezkoak jorratzen ditu: espetxea, ospitalea, lana, politika, sistema judiziala… Ondo koipeztatutako mekanismoa da, eta honakoez osatzen da: biela, pistoi, bujia, birabarki, palanka… eta, batez ere, transmisio kateez”.

Biografia

Saioa Olmo Bilbon jaio zen 1976an, eta Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn; arte, diseinu, komunikazio, teknologia berri eta bestelakoetan aritzen da. Askotariko proiektuak egiten ditu, jendearentzat eta jendearekin eta berak gogoko dituen gaiei buruz lan egitea atsegin du: genero arazoak, gazteen burujabetzea, Euskadiren marka-irudia, etorkizunerako nahiko genituzkeen egoerak…

Bere hitzetan: “Artea niretzat erantzunak beste era batean bilatzea da, era dinamiko batean galderak planteatzea. Eta galderek erantzunek baino garrantzi handiagoa dute”. Bere proiektuen artean ondokoak daude: Emancipator Bubble, Zergatik…?, Atrakzioen itzulera, Galleterak, Desioak lurreratzen...