AGURTZANE INTXAURRAGA


2014/01/17

Hika Teatroak “Ilargiaren bi aldeak” antzeztuko du Bilbon

Hika Teatroa konpainiak Ilargiaren bi aldeak obra taularatuko du larunbatean, urtarrilak 18, Bilboko BBK Aretoan Eskena 2.0 jaialdiaren baitan.

Agurtzane Intxaurragak zuzendu du lana eta Arantxa Iturberen laguntzarekin ere idatzi du. Miren Gaztañaga, Amaia Pascual eta Maider Yabar dira lan ikusgarrian parte hartzen duten aktoreak.

Ekitaldian antzerkia, dantza eta zirku teknikak tartekatzen dira eta hauek guztiek oso ikusgarri egiten dute obra berri hau.

Horrela laburbiltzen da gauzatuko dena: “Marra batzuek banatu egiten dute. Dena. Bitan. Hegoa eta Iparra; zuriak eta beltzak; azkarrak eta ergelak; handiak eta txikiak; zoriontsuak eta zorigabeak; aberatsak eta pobreak. Marra batzuk hesi dira.
Marraren alde batean edo bestean. Marraz honuntza. Marraz haruntza. Ez pasa; ez sartu; ez zapaldu. Kontuz, marra! Marra batzuk ikusi litezke. Eta tolestu; eta borobildu, eta bihurritu, eta astindu. Marrak gainditu litezke, eta zapaldu, eta mugitu. Marren gainetik, marren azpitik, marretan barrena ibil gaitezke. Marra batzuk ikusezinak dira. Eta hala ere tolestu litezke; eta borobildu. Eta bihurritu eta astindu. Eta gainditu, zapaldu, mugitu. Eta marrak batu dezake. Eta ez banatu. Zer da marra, bi puntu elkartzen dituen lerroa besterik?”

Biografia

Agurtzane Intxaurraga Orozkon jaio zen, 1966an; antzerki zuzendaria eta aktorea da, bai eta Hika Teatroa konpainiaren zuzendaria ere.

Antzerki talde horrekin Hitzak obra zuzendu zuen 2012an; antzezlan horrek, gainera, zenbait sari jaso ditu.
2013an: Torrejon de Ardozeko Emakumezkoen Eszena Zuzendarien XVI. Antzerki Lehiaketaren lehenengo saria, baita Jose Maria Rodero saria ere.

2013an, halaber, Itsasoaren emazteak ikuskizuna sortu du. Zinean eta telebistan ere aritu izan da; obra hori Hika Teatroa taldeak eta Oinkari dantza konpainiak ondu dute elkarlanean, eta emakumeak ditu protagonista.