MUSIKA

Inun musikariak lan berria aurkeztuko du gaur Bermeon

Inun zornotzarrak (Mikel Inunziaga, Zornotza, 1983) Da Nola izeneko diskoa kaleratu du berri du, eta gaur, Bermeoko Talako Kantinan izango da grabazio hori aurkezten, 20:00etatik aurrera.

Berreginez izeneko lanarekin salto egin zuen euskal musikaren paradisura, eta asko txundituta utzi zituen berak daukan ahotsa eta gitarra erabiltzeko duen magia direla medio. Estreinako disko hartan pop estiloko hamaika kanta eskaini zituen, eta bakar bakarrik grabaturiko diskoan, Inun-ek looper-a, danbor elektronikoa eta oihartzun ezberdinak egiten zituen pedal bat erabili zituen.

Orain bestelako “sukaldaritza” egin duela aitortu du: “oraingo honetan bandarekin aritzea deliberatu dut, lan honek hala eskatzen zidalako”. Modu horretan, bandarekin arituko da diskoa aurkezteko kontzertuetan, grabatu ere horrela egin baitu: Dani Tomas, Bihotz Gorospe, Argibel Euba eta Ekain Alzola musikariekin.

Badirudi  diskoa eta kantak janzteko gogoa sentitu duela Inunek. “Formari erreparatu nahi izan diot, egiteko moduari ematen diot garrantzia. Poema eta melodia uztartzen erabili dut energia handia, eta engranaje hori da kantaren funtsa. Modua da garrantzitsua lan honetan, eta hortik dator titulua; Karmel Igartuak eginiko poema batetik atera dut”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button