ANA ALDAMA VIRTO


2013/09/13

"Etxea" erakusketa

San Inazio auzoko Euskara Etxean ikusgai dago Ana Aldama Virtoren azken erakusketa.

"Nire lanen gaiak aldatuz doaz, baina nik nahi ez badut ere, beraien kabuz beti agertzen diren gai batzuk badaudela ematen du, egiten dudan guztian presente mantentzen direnak, nolabait.

Familia, oroitzapenak, etxea,... nire lanetan behin eta berriz errepikatzen diren gauzak dira, margo zein ilustrazio formatuan.
Gure ikuspegia nola aldatzen den hazten goazen heinean… argazkiak berriz begiratu eta ezer ez da dirudiena. Fikzio eta errealitatearen artean oinez beti, benetakoa zein den jakin gabe.
Nire lanak oroitzapen horietatik elikatzen dira. Hauek mantentzen eta gogorarazten saiatzen naiz, eta desagertu ez daitezen, toki seguru bat bilatzen dut gorde ahal izateko."

Aldi berean, Bilboko "Pura Burger" jatexean eta "Bao Bab" kafetegian beste bi erakusketa martxan ditu.


Biografia

Ana Aldama Virto EHUko Arte Ederretan lizentziatua da, pintura, marrazkia, ilustrazio, serigrafia eta grabatuan espezializatua. 2004tik 2007ra Bartzelonako Goi-mailako Arkitekturako Unibertsitatean ikasi zuen. Trapagan Arte terapeutikoko irakaslea izan da.

Hainbat erakusketa kolektibotan hartu du parte: End of semester collective exhibition in Spike Island (University of West of England (UWE), Gorantz (Windor Kulturgintza, Bilbo, eta Saenz Enea Kultur Etxea, Zarautz) eta GETXOARTE (Getxo, Bilbo).
2012an, Diego Grisaleñarekin batera, What is the Future of Arquitecture lehiaketaren saria jaso zuen. La Tourette fanzinea zuzentzen du, Bilboartek emaniko beka baten bidez.