LEIRE SALABERRIA


2014/07/01

Leire Salaberriak irabazi du 2014ko Etxepare saria

Leire Salaberriak (Andoain, 1983) aurkeztutako Hiltzaileak albuma izan da 2014ko Etxepare sariaren irabazlea. Leire Salaberriak bigarrenez irabazi du Etxepare saria, eta oraingo honetan 5.000 euro eskuratuko ditu.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek, eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute epaimahaiak, eta horien aburuz, “autoreak beldurra eta egonezina sentiarazteko gai den narrazioa eraiki du. Hitza eta irudia primeran uztartzen ditu eta intrigari eusten dio istorioa amaitu arte. Amaiera borobil bezain lasaigarri batez ixten du trama, irakurlea jokoaren partaide bihurtuz”.

Epaimahaiak Leire Salaberriaren lana aukeratu du aurkeztu diren 25 lanen artean. Saritutako obra, Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, 2014ko udazkenean.

Leire Salaberria (Andoain, 1983) Arte ederretan lizentziatua, ilustratzailea eta diseinatzailea da. Etxepare saria (Euria ari duenean, 2010ean) eta Peru Abarka saria (Pashmina gorria, 2013) irabazi ditu. Gure lurraldetik kanpo ere arrakasta lortu du; izan ere, bere ilustrazioak munduko zenbait liburu azoketan aukeratu dituzte.

Aurreko edizioetako saridunak ere hemen ikusi ahal dituzue.

Biografia

Andoainen jaioa. Bilbon Arte Ederretan lizentziatu zen. Bartzelonan, bi graduondo egin zituen, bata ilustrazioan eta bestea diseinuan. Ilustratzaile bezala, bere lana, munduko liburu azoka ezberdinetan aukeratua izan da: Bologna children’s book fair 2012-an, Sharjah International Book Fair 2013-an eta aurten, Méxikoko IV Catálogo Iberoamericano de ilustración-en. 2011-ean Etxepare saria jaso zuen “Euria ari duenean” liburuarekin, eta arrezkero hainbat liburu argitaratu ditu.