AINARA LEGARDON


2014/10/04

Ainara LeGardonek “Every minute” lana argitaratu du

Ainara LeGardonek (Bilbo, 1976) Every minute izenburuko lan berria aurkeztu du. 2011n plazaratu zuen We once wished (Aloud Music Ltd) lanean rock kutsua baztertu, eta esparru intimoagoetan murgildu da, zantzu ilunago eta konplexuagoa dauka lan berriak. LeGardonek bikain uztartu ditu intentsitate handiko tarteak eta isiluneak, ahotsa ere beste instrumentu bat dela nabarmenduz.

Disko berri hori entzuteko aukera izan dugu, eta lehenengo entzunaldian erabat konbentzitu gaitu, diskoaren benetako sakontasuna barneratzeko entzunaldi gehiago beharrezkoak diren arren. A capella abestutako Last Day doinu iradokitzailearekin hasten da diskoa, eta perkusio domestikoekin jositako No End jostalarira egiten du salto; bien arteko bereizketak batzen ditu.

Magnetic kantua iluna da, eta Ainarak bere ahotsa askatzen du. White kantu lasaia da, une elektroniko bakan batzuekin jantzita, ahots-jolasak nabarmentzen dira, diskoaren izenburu bera duen kantu bizira iristeko.

In The Woods-en ozeano bareak eta ekaitzak uztartzen ditu, intentsitate eta isiluneak, diskoan bildutako pieza biribilenetarikoa da. We Are Ready doinu bizia da, Washington DCko post-hardcore soinuekin bustia eta haize-instrumentuen hotsekin apaindua, diskoaren beste gailurretako bat. Diskoa sei minutu inguru irauten duen Speeding South doinua sakonarekin amaitzen da.

Diskoaren azala Ramon Zabalegik egin du, grabatu teknika erabilita. Mursegoren Hiru edo Txinaurriak bildumaren azalak ere egin ditu, besteak beste.

LeGardon laster izango da oholtzan sakontasun handiko lan hau aurkezten: azaroaren 1ean, Berrizko kultur etxean; 13an, Alacanteko Las Cigarrerasen; 20an, Madrilgo Siroco aretoan, abenduaren 6an, Bartzelonako La [2] lokalean; 18an, Gasteizko Jimmy Jazzen; eta, amaitzeko 19an, Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxean.

Irakur ezazue Nontzeberrik Ainarari egin zion elkarrizketa.

Biografia

Ainara LeGardon Bilbon jaio zen 1976an. Bere ibilbidearen zati handiena Madrilen egin arren, egun Euskal Herrian bizi eta dihardu. Bere ibilbide musikalean ohikoa izan da elkarlana. Hala, bertoko eta kanpoko hamaika musikarirekin egin du lan, Chris Eckman (The Walkabouts, Chris & Carla), Carlos Torero (Radio Futura ohia) eta Gernikako Audience taldeko partaideak, besteak beste.

Bakarka ere bide luzea egin du, bere azken lana We once wished (Aloud Music / Winslow Lab, 2011) da. Aurretik beste hiru disko plazaratu ditu: In the mirror (2003); Each day a lie (2005); eta, azkenik, Forgive me if I don´t come home to sleep tonight (2009).

Horretaz gainera, interes handia dauka autogestioan eta Do It Yourself filosofian. Kudeaketa musikalarekin lotutako ikastaroak ere ematen ditu.

Nabaria da Legardon geldirik egoten ez dakien musikaria dela: batetik bestera uneoro, rocketik inprobisaziora, ipurterre, jakin-minak gidatua, aseezin.