ANA ARSUAGA


2014/11/10

Occhi Di Farfalla bikotearen kontzertua Bilboko Euskararen Etxean

Gaur, azaroak 13, Occhi Di Farfalla bikotearen kontzertua programatu da Bilboko Euskararen Etxean. Hitzordua 19:00etan izango da. Kontzertua hasi baino lehenago bi erakusketa berriren inaugurazioa ere egingo da.

Beñat Olea eta Ana Arsuaga artistek euren lanak atonduko dituzte Bilboko Euskararen Etxeko hormetan; bi hilabetez luzatuko dira erakusketok. Beñat Olea Legazpin jaioa da eta txiki-txikitatik jakin izan du marrazkilari izan nahi zuela. Arte Ederretan lizentziatua da, eta diseinu grafikoan eta ilustrazioan egiten du lan.
Enkarguak burutzeaz gain, bere benetako irrika fantasiaz eta irudimenez osatutako munduak irudikatzea da, ikuslea hunkitzeko gai diren pertsonaiez jorratuak.
Ana Arsuaga Arte Ederretako ikaslea da. Pintura gogokoen duen arloa izanik, besteetan ere esperimentatzen du: argazkilaritza, bideoa… Bere lehen erakusketa Bilboko Anti liburudendan izan da aurten, non hainbat marrazki eta pare bat koadro izan dituen erakusgai.

Erakusketen inaugurazioarekin bat eginez, Occhi Di Farfalla bikoteak  kontzertua eskainiko du. Miren Arangurenek (Iruñea, 1981) eta Hodei Estebanek (Zarautz, 1983) eratu dute Occhi Di Farfalla. Taldeak rock feminista eta akustikoa jorratzen du, eta sei kantuko diskoa argitaratu zuen joan den urtean. Taldeak berak adierazi duenez, “Occhi Di Farfalla proiektu akustikoa da. Letra feministak rock doinuz jantzi eta bideaz gozatzeko eginiko ekintza”.

Biografia

Ana Arsuaga Arambarri (Tolosa, 1994).  Arte Ederretako ikaslea. Pintura gogokoen duen arloa izanik, besteetan ere esperimentatzen du; argazkilaritza, bideoa… Antzerki mundua ere gertutik ezagutzen du, 2012an TOPIC museoan bisita dramatizatuak egiten baitzituen, besteak beste. 2013ko “Inopias” obrarako kartelaren egilea da, eta baita 2014ko “Días de Verano” kartelarena, biak Tolosako Antzerki Tailerrak antzezturikoak.Bere lehen erakusketa Bilbon, Anti liburudendan izan da aurten, non hainbat marrazki eta pare bat koadro izan dituen erakusgai.