IKUS-ENTZUN

Aste biko zinemarik onenarekin amaitu da Zinegoak

Aste bi jarduerez josita egon ostean, Zinegoakek aurtengo edizioko saridunak nortzuk diren ezagutzera eman du. Ondorio gisa, antolatzaileek hauxe adierazi dute: “aurten pelikula sozialek izan dute protagonismorik handiena. Horrez gain, emakumezko zuzendariek jaso dituzte sari gehienak (12 sari nagusietatik, 10 jaso dituzte). Soziala, emakumeen protagonismoarekin, probokatzailea eta hunkigarria: horrelakoa da Zinegoak 2018ko saridunen zerrenda”.

Ivana Mladenovic zuzendariaren Soldaţii. Poveste Din Ferentari eta Nada Mezni Hafaiedh zuzendariaren Au-Delà De L’ombre izan dira aurtengo saridun nagusiak.  Fikziozko film luzerik onenaren eta dokumental onenaren sariak jaso dituzte, hurrenez hurren. Epaimahaiak nabarmendu duenez, “Soldatii pelikulak aurreiritziz betetako testuinguru batean murgiltzen gaitu, errespetuzko begirada galdu barik, eta ezinezkoa dirudien intimitatea lortuz”. Au-delà de l’ombre lanak Tunisiako LGBTI pertsonek eta emakumeek bizi duten egoera gordina agerian uzten du.
Horrez gain, Gidoirik Onenaren Saria Clarisa Navas zuzendariaren Hoy partido a las 3 lanak jaso du. Zuzendaritzarik onenaren saria Marcelo Caetanok jaso du, Corpo Eletrico lanagatik.

Off Narratiba Berriak sailean, irabazlea Lasse Långström zuzendariaren Vem Ska Knulla Pappa? / Who Will Fuck Daddy? harrigarria izan da. Film laburren kasuan, irabazlea Diane Obomsawin zuzendariaren I Like Girls izan da.
Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Saria AyşeToprak zuzendariaren Mr Gay Syria lanak jaso du, eta lan honek ere dokumentalen sailean aipamen berezia jaso du.
Interpretazioei dagokionez, irabazle nagusia Marcelo Caetano eta Juliana Rojasen As Boas Maneiras izan da, aktore bik protagonista onenaren eta aktore sekundario onenaren sariak jaso baitituzte. Zehazki, saria jaso dutenak Isábel Zuaa eta Marjorie Estiano dira.

Violette Delvoye zuzendariaren Projection Sur Canapè eta Marianne Farley zuzendariaren Marguerite lanak ere nabarmendu dira. Gainera, Projection sur canapé lanak Gazte Epaimahaiaren saria jaso du, eta Marguerite lanak publikoaren saria jaso du.

Datozen gunotan, Euskal Herriko 40 udalerri baino gehiagotan zabalduko da Zinegoak, apirilaren 14ra arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button