LITERATURA

Lehen nobedade literarioak udazkenerako

Elkar argitaletxeak prest ditu honezkero, udazkenean argia ikusiko duten zenbait lan. Estilo guztiak jorratuta datoz lan berriak, poesian, nobelan eta saiakeran

Joxe Azurmendik Barkamena, kondena, tortura saiakera argitaratuko du hil honetan. Politikan erruz jaiotzen diren kontzeptuei buruz ari da Azurmendi liburu honetan.

Datorren astean, Alberto Ladron Aranak Piztiaren begiak nobelaren aurkezpena egingo du; Karlos Linazasororen Bertan goxo lana azaroan kaleratuko da. Egile honek aberats eta oparo dihardu azken urteetan eta hainbat generotan. Horietako bat, absurdotik hurbil dauden nobela labur umoretsuek osatzen dute.
Itsaso Araque donostiar gazteak, berriz, Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Damutzen ez direnak lana idazteko. Azaroan liburu-dendetan izango da.

Ainara Gorostitzu kazetariak, halaber, Debako Tene Mujika beka irabazi zuen. Hala, Aldamenekoa erreportajea amaiturik du eta urrian kaleratuko du. Lan honetan, Euskal Herrian azken aldian izan dugun immigrazioa aztertzen da.

Itzulpenenetan, William Shakespeare eta Jonathan Swift idazleen lanak euskaratu dira. Hamlet Juan Garzia Garmendiak ekarri du gure hizkuntzara eta Gulliverren bidaiak Iñaki Mendigurenek itzuli du.

Iban Zaldua eta Karmele Jaio ipuingintzan aritu dira kasu honetan. Idazten ari dela idazten duen idazlea izango da Zalduaren lanaren titulua eta Ez naiz ni Karmele Jaiorena.

Poesiari dagokionean, Castillo Suarez poeta altsasuarrak Urtebetetze festa kaleratuko du, poetikotasuna barrurago, sakonago ezkutatzen den zerbait dela frogatzeko.
Juan Mari Agirreurretak, 2011ko Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Tranströmer poeta suediarraren poemak itzuli ditu Jokin Zaitegi itzulpen sariari esker. Azaroan izango dugu esku artean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button