EZLEKUBAT

“Barkatu, ama”, hitzaldi musikatuak Hori Bai gaztetxean

Larrabetzuko hori Bai gaztetxean, hitzaldi musikatuak ontzen hasi dira Barkatu, Ama izenburupean. Estreinako zita apirilaren 11n izango da; egun horretan Morauk hartuko du hitza.

Andoni Tolosaren ezizena da Morau, eta goitizen horrekin folk-rok kutsuko bost disko grabatu ditu. Horrekin batera, kazetari eta idazle ere aritu da.

Hitzaldiaren ostean, kontzertua izango da: Xabier Montoia eta Belarmiñak. Montoiak bere lan berriena aurkeztuko du Larrabetzun, Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts). Gogoratu Montoia M-ak taldean aritu zela, eta Hori Bai gaztetxean egingo diren hitzaldi musikatuen izenburua, Barkatu, ama, M-ak bandaren laugarren diskotik hartua dela.

Belarmiñak, berriz, Joxi Ubeda (Tortura Sistematikoa eta Bukaera taldeetako kidea) musikariaren egitasmo berria da; Ubeda gitarra akustikoarekin eta ahotsarekin ariko da, Iki Polikiren (Lobo Electrico taldean aritutako Iker Lopez) gitarra elektrikoaren laguntzarekin.

Patxi Gaztelumendirekin, Barkatu, ama ekimeneko kidearekin hitz egin dugu ekimenaren nondik norakoak konta diezazkigun.

Nondik sortu da ideia hau? Zeri erantzuten dio?

Musikazaleak batzeko gunea izango da Barkatu, ama, galderak egiteko, gure kezkak konpartitzeko. Hiru ideia nagusi horiek dira hau mugitzera eraman gaituztenak. Argi dago, eremu lokala gero eta garrantzitsuagoa izango dela. Dena hain globalizatuta dagoen unean, gertukoenekin batu, egon, hitz egin eta musikaz gozatzea dagoen ekintzarik iraultzaileenetakoa izango da.

Eta horregatik maila lokalean oso kultur esperientzia kolektibo berritzaileak ari dira sortzen. Ez da kasualitatea. Horren beharra daukagu. Kafea eta galletak, Pop pilulak, Paperezko kontzertuak, irakurle klubak…. gogoetarako esparruak dira. Komunikazio zuzena lantzeko.

Guk horrelako zerbait marraztu nahi genuke… kezkak agertzeko. Berba egiteko. Dokumentala ikusi, kontzertua antolatu, diskoak trukatu, artxiboak eskaini, solasaldietan elkartu edota beste hamaika gauzetarako… pitike pitike.



Lehenego hitzordua Moraurena izango da? Zertaz arituko da?

 

Andoni Tolosak oso hitzaldi interesgarria dauka gure musikaren historiaren gainean, interaktiboa da… pantaila batean proiektatzen ditu portadak, bideoak, kantuak… gitarrarekin jotzen ditu asko, eta ikasgai ederra bihurtzen da musika, zaleak garenontzat.

Larrabetzuko gaztetxean horrelako hitzaldi baten falta sumatzen genuen… 80ko hamarkada eta oraingo belaunaldiaren artean sekulako hutsunea dago… trebakuntza apur bat, nondik gatozen ezagutu, aurretik zer egon zen, haria zein den, eta noski, hitzaldiak, kontzertuak, jai giroa ere uztartu nahi dugu.

Aukera ona izan daitekeelakoan, frogak egingo ditugu: soinu frogak. Eta ondo entzuten badugu, gustura bagaude, gehiago egin beharko ditugu.

Gero kontzertua izango da, formatu horrekin jarraitzeko asmoa duzue? Hots, hitzaldia eta emanaldia?

Formatu berrietan dago etorkizuna. Sarean bezala kalean ere. Eta guztiok daukagu berritu beharra. Kontzertu hutsak… badakizu zer gertatzen den, batzuetan jendetza, eta besteetan, berriz, lotsa. Apurka-apurka, formatuak aldatuz, giroa sortuz, iritzi kritikoa landuz, musikazaletasuna hedatuz, giroa sortu behar dugu. Eta ondo pasatu. Eta elkarrekin ikasi. Eta belaunaldi ezberdinetako lagunak batu, eta elkarrekin lan egiten hasi.

Hitzaldia eta emanaldia formatua polita da, berez. Hurbila. Eta eremu lokalerako oso-oso aproposa. Gaztetxeak askotan kontzertu areto soil bilakatu dira, eta hori baino gehiago dira. Eta gogoetarako oso leku apropos, kritiko eta libreak. Horretan sakondu beharra dago.
Eta inguruan musikaren historia, soziologia, ideologia aztertzen ari diren lagun asko ditugunez, hauek gonbidatzen joango gara… eta saiakera ezberdinak egin beharko ditugu. Apurka-apurka, hasten ari den banda batek bezala.

Zeintzuk izango dira hurrengo hitzorduak?

Lehenengoarekin hasi, eta baloratu egin beharko dira. Baina gai asko ditugu lantzeko: rocka eta feminismoa, neskak eta musika; badok.info bezalako gordailua ezagutarazi, Josu Larrinagaren tesia hor dago, askotarako ematen duena…. bideoak eta dokumentalak ikusteko sekulako pantaila daukagu gaztetxean, soinu ekipo eta guzti…. aukera guzti hauek, belaunaldi ezberdinetako kideen artean ikusi behar ditugu. Musika lau nota, parranda eta aretoak baino gehiago direla erakusteko. Gure buruari lehenengo, eta inguruan gero.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button