BERTSOTAN

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 1ean hasiko da

Gaur aurkeztu da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urriaren 1ean, Mungian jokatuko den kanporaketarekin hasiko dena. Xehetasun guztiak emateko Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatua; Igor Elortza, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kidea; eta Ione Narbaiza, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea eta txapelketaren arduraduna bildu dira prentsaurrekoan.

Igor Elortza bertsolariak nabarmendu du txapelketa horren garrantzia: “Txapelketa bakoitzak bertso plaza eskaintzen dio bertsolariari, eta hala, aldian behin, bertsolari horrek bere bertsokera erakutsi ahal du. Beste aldetik, publiko zalearentzat sekulako zita da. Hala, ekimen horri esker, bertso-mundua mugimenduan jartzen da, eta herri-kulturgintzan ere oso kontu inportantea izaten da.”

Urriaren 1ean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 16an jokatuko da finala, Bilbon. Hala, guztira hamar saio izango ditu txapelketak: sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala. Kanporaketetan Udabarria Bertsotan sailkapen fasetik sailkatutakoak ere izango dira, eta horretaz gain, 2021eko finalaurreko bertsolariak ere bilduko dira. Finalaurrekoetan, ohi bezala, bertako irabazle eta puntuazioz sailkatuekin batera, 2021eko finalistak arituko dira.
Saio guztiak 17:00etan izango dira.

Diogun moduan, lehen kanporaketa urriaren 1an izango da Mungian, eta hantxe Araitz Katarain Mugarza (Mallabia), Izaro Bilbao Arostegi (Mungia), Koldo Muñiz Aldamizetxebarria (Ibarrangelu), Mikel Goiriena Larrazabal (Mungia), Peru Vidal Gurrutxaga (Leioa) eta Txaber Altube Sarrionandia (Abadiño) bilduko dira.

Hemen dituzue xehetasun guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button