IKUS-ENTZUN

Arteak eta zinemak duten harremanaz

Tabakalerak, Florian Wüst-ek komisariatua, Zin ex. Abstrakziotik algoritmora izeneko erakusketa abiatu zuen joan den urteko irailean. Mostra hori ikusteko azken aukera aste honetan izango da, urtarrilaren 31n amaituko baita.

Bertan, zinema esperimentalaren, bideoaren eta ordenagailuz sortutako artearen historia aztertu da da, bai eta arteak eta zinemak duten harremana ere. Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin partekatutako lan-prozesu baten emaitza da mostra hori.

Erakusketan hainbat herrialde eta belaunalditako hogeita hamar artista eta zinemagileren lanak biltzen dira. Zin Ex-ek “zinema esperimentalaren ehun urteko ibilbidea berrikusten du, konbentzio zinematografikoei aurre egin diena, eta abangoardiako piezen, ordenagailuz sortutako artearen eta hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan ekoitzitako bideoartearen nazioarteko hautaketa bat aurkezten du. Filmak, instalazioak eta beste formatu artistiko garaikideago batzuk ere barne hartzen ditu”.

Ikusgarri jarri diren lanen artean, honako hauek dituzue: Walter Ruttmanen 20. hamarkadako lehen urtetako "zinema abstraktua" Robert Jankerren X izpien film ezagunak; Javier Aguirre euskal zinemagileak 1967 eta 1971 artean filmatutako zortzi film laburrez osatutako Anti-Cine sortako bost film; Jose Antonio Sistiagak eskuz margotutako lehen film luzea; Salvador Dalik, Philippe Halsman argazkilariarekin batera, New Yorkeko estudio batean grabatutako filma; Baloji musikari eta multimedia-artistaren film labur satirikoa, edota Joana Moll artistaren proposamena.

Hortaz, Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora-k zinema eta artearen harremana esploratu eta zinema esperimentalaren historiaren ibilbide berria eskaintzeaz gain, “erakusketak gai horien ikusmolde berria dakar, modu zehatzean ikertzen baititu arte-adierazpen ezberdinen eta une bakoitzaren aukera teknologikoen arteko harremana. Irakurketa berri hori, sorkuntza-prozesuak eta baldintza tekniko eta materialak elkar elikatzen duten moduari buruzkoa, xehatu egiten da erakusketan zehar hogeita hamar artista eta zinemagileren lanekin, hainbat herrialde eta belaunalditakoak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button