MUSIKA

Jazzaldiaren egitaraua iragarri dute

Uztailaren 22tik 26ra arte egingo da Donostiako Jazzaldiaren 50. edizioa. Urteurren hori ospatzeko, askotariko ikus-entzuleak erakarriko dituen programa ondu dute antolatzaileek. Duela aste batzuk, egitarauan parte hartuko dute artisten izenak iragarri zituzten, eta orain, halaber, emanaldien datak eta lekuak zabaldu dituzte.

Hasteko, Jamie Cullum piano-jotzaile arrakastatsuak hiru kontzertuko zikloa prestatu du propio Jazzaldirako: “Kursaaleko terrazetan arituko da, lehenik, disc jockey modura; bakarka abestuko du gero, bere pianoa lagun, Kursaaleko Auditorioan; eta, azkenik, Trinitate Enparantzan, bere taldearekin”.

Trinitate Enparantzako kontzertua uztailaren 24an emango du Cullumek. Aurretik, Iñaki Salvador eta Andrzej Olejnicza arituko dira. Trinitateko programa, baina, uztailaren 23an hasiko da, Silvia Perez Cruz eta Zaz artisten emanaldiarekin. 25ean, Dee Dee Bridgewater abeslari estatubatuarra izango da, Irvin Mayfield tronpeta-jotzailearekin batera; aurretik, The New Standard Trio arituko da. Azkenik, 26an, Melody Gardot izango da oholtzan.

Kursaalean, beste lau emanaldi izango dira: 23an, Cullum; 24an, Benny Golson saxo-jotzailea; 25an, Joshua Redman saxofoi-jotzailea eta The Bad Plus hirukoa; eta, amaitzeko, 26an, John Zorn-ek joko du, Bill Laswell baxu-jotzaile eta disko-ekoizlearekin, eta Slayer-en bateria-jotzaile izandako Dave Lombardo kubatarrarekin, Blade Runner Trio izenpean. Donostian baino ez da arituko talde hori.

Egitarau osoa: heinekenjazzaldia.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button