LITERATURA

XX. mendeko idazle klasiko biren idazlanak

Labayru Ikastegiak XX. mendeko idazle klasiko biren idazlanak berrargitaratu ditu: Garoa, Domingo Agirrerena eta Firi-firi, Pablo Zamarriparena.

Domingo Agirrek baserri-giroko bizimodua erakutsi zuen Garoa izeneko lanean. Gipuzkera erabili zuen, eta Kresala lanean bizkaiera. Edizio berri honetan egilearen idazmoldea gaurko arau eta ohituretara egokitu da grafiaren aldetik, berak darabilen gipuzkerari eutsita.

Hitzaurrean, Sebas Gartzia Trujillok hauxe kontatzen digu: “Garoa-ren gaia maitasunezko istorio xume bat da, dramatiko samarra (senargaia itsu geratzen da istripu batean) eta, alde guztietatik –pertsonaiak, espazioa, denbora…–, erabat ideologizatua: etxeko lehen fruiturik onenak (Madalen) Jainkoarentzat dira. Eta hala ere, onartu beharra dago Garoa-ren istorioa begiko zaiola euskal irakurleari..Lehen lerrotik, maitagarri zaigu Joanes artzaina, pipa ezpainetan duela, zertan eta galtzerdiak ehuntzen diharduela, non eta Urbiako zelaian!”. Nobela generoaren aitzindaria izan zen Agirre eta euskal literaturari aparteko ekarpena egin zion.

Pablo Zamarripa euskararen alde lanean gazte-gazterik hasi zen, eta hil arterainoko guztian ekin zion arlo horri. Bere liburuetan bizkaiera landu zuen, Txorierri aldeko estiloa eta errepertorioa. Literaturaren arloan Gora begira, Anayak gara, Zaparradak eta Kili-kili eta Firi-Firi idatzi zituen. Bereak ere badira, Gramatica Vasca, Manual del Vascófilo eta Vocabulario vasco-castellano y castellano-vasco.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button