ESZENA

“Soinujolearen semea” antzerkirako egokiturik

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberri gorpuztua ikusi ahalko da Arriaga Antzokian, Victoria Eugenia Antzokian, eta Principal Antzokian laster batean. Fernando Bernuések zuzendua eta Patxo Telleriak egokitua, Soinujolearen semea urriaren 18an iritsiko da aurreneko aldiz eszenatokira, eta gaztelaniazko bertsioa urriaren 19an.

Gaur goizean, Arriaga antzokian egin dute prentsaurrekoa Emilio Sagi Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, Bernardo Atxaga idazleak, Fernando Bernués zuzendariak eta Patxo Telleria aktoreak. Eurekin batera, oholtza gainean ibiliko diren Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Vito Rogado, Anke Moll, Iñaki Rikarte, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernández, Amancay Gaztañaga, David Pinilla, Mireia Gabilondo eta Iñaki Salvador aktoreak ere izan dira.

Gaur oinarrizko gauzez hitz egin behar dela esan du Atxagak. “Nobela idazten dugunean, beti, behinolako antzerki primigenio horren zordun izaten gara. Oinarrira egindako bidalia da. Beste aldetik, oinarrira egiten dut bidaia, izan ere, gaztetan Arriagan antzerki pilo ikusi nuen, idatzi nuen eta behin ere aktore lanetan parte hartu nuen. Eta hirugarren oinarrizko gauza, elementala, oinarrizko sentimendua da, poztasuna, zorte handiko pertsona sentitzen naiz nire lana modu honetan ikustean”, esan du idazleak.

Patxo Telleriak bere aldetik esan du erronka zail baten aurrean izan dela obra honen egokitzapena proposatu ziotenean. “Erantzukizun handia, ikaragarrizko dimentsioa hartzen baitu obra honek, eta nire lana bizkarrezurra topatzea eta horren gainean obra bat eraikitzea zen, eta ez da batere erraza izan”

Telleriak aipaturiko bizkarrezur hori honetan laburbil daiteke: “David eta Joseba umetako lagunak dira. Haurtzaroa atzean utzi orduko Davidek deskubritzen du aita nazionalen kolaboratzailea izan zela gerra zibilean. Francoren aurkako borrokaren aurkikuntzak liluraturik, batak arrazoi ideologikoengatik eta besteak arrazoi emozionalengatik biek erabakitzen dute 70eko hamarkadako ETA sortu berrian sartzea. Klandestinitateko borrokaldi labur bezain moldagaitz baten ostean Frantziara erbesteratu behar dute. Deserri hartan heltzen zaizkio Davidi desenkantua, abandonoa eta lagunak eta erakundea traditzea. Kartzelatik ateratakoan, bere kideek arbuiatua, David Ameriketara partitzen da bizi berri bat hastera. Handik hogeita hamar urtera, David Kaliforniako bere rantxoan hiltzeko puntuan dagoenean, horra non agertzen zaion etxera Joseba, iraganeko kontuak eskatzera. Soinulariaren semea behartuta dago orduan bere mamuei aurre egitera, haiengandik ihesi partitu zen Ameriketara baina”.

Gogoratu, asteburu honetan literaturaren eszenarekin hitzordua dagoela Arriagan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button