MUSIKA

Donostiako Piraten 5. Musika Lehiaketa

Donostia eta inguruetako taldeek, Donostiako Aste Nagusian merezi duten lekua eskaintzeko asmoarekin, Donostiako Piratak kolektiboak 5. Musika Lehiaketa antolatu du.

Joan den urtean ekimena oso arrakastatsua izan zen eta horrexegatik kolektibo honek, aurten beste bultzada bat ematea deliberatu du. Aurten baina, berezitasuna dakar ekimenak: talde mixtoen (gizon eta emakume) partaidetza. Izan ere, parekidetasunak ere oinarri sendoa behar du izan musikan. 

Zuen taldearekin aurkeztu nahi baduzue, adi honi: Donostia eta inguruetako musika taldeei zuzendua dago (Oarsoaldea: Pasaia, Errenteria-Orereta, Lezo & Oiartzun; Buruntzaldea: Andoain, Hernani, Astigarraga, Usurbil & Lasarte-Oria).

Soilik maketa edo disko auto-ekoiztu bat (gehienez) argitaratu duten taldeek parte har dezakete. Hasiberriei dago zuzendua. Musika estilo bereizketarik ez da egingo, baina oreka bat bilatuko da hautaketari begira. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz abesten duten taldeek lehentasuna izango dute, eta esan bezala, parekidetasuna (gizon eta emakume) bermatuko da.

Parte hartzeko, talde bakoitzak gutxienez 3 abesti eta taldearen informazioa (biografia laburra, argazkia eta harremana) bidali beharko ditu Donostiako Piraten posta elektronikora: izanpirata@gmail.com. Parte hartzeko epea ekainaren 3an bukatuko da.

Aurkezten diren talde guztietatik 9 hautatuko ditu epaimahaiak finalerdietarako. Bakoitzean hiru taldek joko dute, Donostiako txoko ezberdinetan.

Finalerdietako hiru talde hautatuek Donostiako Piraten Aste Nagusian kontzertua eskainiko dute, Trinitate plazan. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button