MUSIKA

“Rabba Rabba Girl!” musika zikloa, Bilbon

Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK aretoan, Rabba Rabba Girl! musika zikloaz gozatzeko aukera izango da hil honetan. Datorren astean, hilak 14, Kai Nakai  eta Mad Muasel musikariek kontzertua eskainiko dute.

Kai Nakai Iratxe Aguilera gazte gasteiztarra da. Berak Durangoko Azokan Sormenerako Beka irabazi eta Baimenik Gabe izeneko lana kaleratu zuen horri esker. Hortik atera da Kolpe izeneko kanta ederra, bideoklip eta guzti.
Euskarazko reggaetoia bezalako erritmo berritzaileak proposatzen ditu lan horretan. Kaik genero musikal hau euskaraz egitea defendatzen du, gazteei gustatzen zaielako eta Euskal Herrian hutsune bat badagoelako. Bestalde, genero horrek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi die, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz. Eta gainera, betidanik gizonek osatutako reggaetoia emakumeek ere egin dezaketela aldarrikatu nahi du.

Hala, lan horren bidez, genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea bezalako gaiak jorratu nahi izan ditu.
Baimenik Gabe bederatzi abestik osatzen dute, dantzarako zein erreibindikatzeko letrak dituztenak.

Mad Muasel kantaria, musikagilea, irakaslea eta pedagogoa da eta dancehall musikaren inguruan aritzen da, gazteleraz zein euskaraz. Estatu espainiarreko dancehallaren panoraman artista aitzindarietako bat dugu. 2008tik lanean dago eta hiru album grabatu ditu eta hamaika kontzertu eskaini. Agertokiaren gainean ikusleak hipnotizatzen ditu bere jarrera eta nortasun ikaragarriez, izan ere, “Muaselek pentsatzen duena esateko erabiltzen du mikrofonoa, baita inortxo ere axolagabe uzten ez duen moldeaz esan ere”.
Vualah! izenburuko laugarren diskoaren kantak haizatuko ditu.

Zikloaren barruan, eta hil honetan ere (21ean), Melenas eta Arima taldeak arituko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button