MUSIKA

“Ura patrikan” eta beste lan berri batzuk

Maite Larburu eta Josh Cheatham dira Neighbor taldeko partaideak eta Ura patrikan da bikote honen lehen esperimentazioa.

Euskalduna eta biolin jotzailea da Larburu, eta estatubatuarra Cheatham (viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu), baina Amsterdam hirian bizi dira.
Larburuk, De Nederlandse Bachvereniging, Amsterdam Baroque Orchestra, Anima Eterna, Sevillako Orquesta Barroca eta Holland Baroque Society orkestretan parte hartu du.

Ahotsa eta gitarraren bidez kantu sorta bat eskaintzen dute Ura patrikan lanean, non folk, blues, jazz edota Brasilgo musika entzun ahal den. Larburuk sortu ditu abestiak eta haien garapen musikalaz arduratu da Cheatham.

Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesturiko 14 kantu hauetan, besteak beste, Leonard Cohen, Joni Mitchel edota Astrud Gilbertoren arrastoak suma daitezke.

Glaukoma

Glaukoma taldeak bigarren lana, 7 abestiz osaturiko Vol.2 izena duena, kaleratu berri du. Pedal hotsek eta distorsio, deelay eta abarreko efektuekin osaturiko abestiek soinu garatuago bat, pertsonalago bat eta indartsuago bat lortu dute.

Joan den astean aurkeztu zen lan berria hau eta orain Japoniatik bira handi bat egitera abiatuko da taldea.

“Behe presioaren erdigunean” eta beste

Badira beste lan berri batzuk, joan den astean argia ikusi zutenak. Keu Agirretxeak Behe presioaren erdigunean lana kaleratu du eta joan den astean ere Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuen diskoa. Musika ederrarekin batera Leire Bilbao, Mikel Etxaburu eta Aiert Goenaga ondarrutarren berbak ere entzungo ditu zaleak.
Lehen kontzertua Ondarroako Kofradia Zaharrean emango du, azaroaren 2an; abenduaren 6an Durangoko Azokako Ahotsenea espazioan egongo da, eta abenduaren 27an, Mutrikun.

Jabier Muguruzak ere lan berria aurkeztu du. Beste Hogei da izenburua eta Jabier Muguruzaren 12. lana da, eta bakarlari bezala bere 20. urteurrena oroitzen du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button