EZLEKUBAT

Koldo Serra, “Gernika” filmaren zuzendaria

Koldo Serra (Bilbo, 1975) zinegileak, Bosque de Sombras filmaren zuzendariak, Gernika pelikula filmatuko du. Filmak 1937an udalerri horretan izandako bonbardaketa izango du ardatz.Espainia, Britainia Handia, Alemania eta Frantziaren arteko koprodukzioa izango da, eta 2013ko irailean preprodukzioari ekingo diote. Filmaketa 2014ko otsailean hasiko da. Filmaren ordezkariak Berlingo zine jaialdian izan dira oraintsu finantzazioa ixten. Gidoia Carlos Clavijo eta Barney Cohenek idatzi dute. Serrak, berriz, Bosque de Sombras thriller generoko filma zuzendu zuen 2006an. Zinegile bizkaitarrak, gainera, hainbat film labur filmatu ditu, eta hainbat telesailetan parte hartu du. Gernika filmaz eta zinearekin loturiko bestelako kontuez hitz egin dugu zuzendari ipurterre honekin. Izan ere, maiatzean Bilbon izango da FANT zine fantastikoaren zinemaldiaren epaimahaikide lanetan.

Nola sortu da Gernika proiektua?

Kontu ezohikoa izan da… Kasu honetan proiektua ez da nigandik atera, baizik eta Jose Alba, Quique García eta Carlos Clavijo ekoizleengandik: nirekin jarri dira harremanetan filmaren zuzendaritza eskaintzeko. Orain arte, film luzeei dagokienez, beti izan naiz neu proiektua abiatu, prestatu, eta mugitu duena gauza dadin. Tira, oparia handia izan da, proiektua ezin baita erakargarriagoa izan.

Bigarren film luze honek zer ekarriko dizu zinegile gisa? 

Egia esan, poztasun izugarria. Bosque de Sombras estreinatu nuenetik nire asmoa bigarren film bat egitea izan da, baina ez da lan erraza… dagoeneko zazpi urte igaro dira lehendabiziko film luzea egin  nuenetik. Beti esan ohi da bigarrena konplikatuagoa dela. Nik uste nuen hori esaten zela erakutsi behar zenuelako estreinako filma ez zela kasualitatearen ondorioa izan, baina argi dago zaila izaten ari dela bere sorreratik.

Honelako proiektu handi batean ba al dago maniobratzeko eta erabakitzeko tarterik?

Egia esan oso gustura nago, sartu naizenerako proiektua erdi egina zegoen arren. Hori bai, lehengo egunetik nire iritzia aintzat hartzen da hainbat kontuei dagokienez, lantalde teknikoa, parte har dezaketen aktoreak edo gidoiarekin loturiko gaiak. Oso inplikatua sentiarazi naute, egitasmoan kide bat gehiago sentitzen naiz, eta ahal dudan guztian parte hartzen saiatzen naiz.

Film bat egitekorakoan, zeintzuk dira egun dauden zailtasun handienak? Arsenico PC bezalako ekoizle etxea batek babesa ematen dizu?

Egun, eta topikoa bat dirudien arren, gauzak inoiz baino txarrago daude. Film bat aurrera ateratzeko aukera bakarra telebista kate baten laguntza izatea da; bestela, ez dago pelikularik… Beste aukera, beste muturrera joatea da; alegia, lagunengana jo, eta proiektu bat norberak finantzatzea, hain zuzen, Low Cost zinema deitzen zaion hori. Jendeak bere soldata kapitalizatzen du, eta “gerrilla” erara filmatzen da. Ekoizle etxe baten laguntza ezinbestekoa da, bestela ezin dizkiozu aurre egin prozesuaren zenbait alde burokratikori, lantalde teknikoaren izen ematetik hasita, telebista kateekin izaten diren negoziazioetara. Ekoizle etxearen partizipazioa handiagoa denean, produktuaren kontrol handiagoa daukazu. Dena dela, logikari jarraituz, gehien ematen duenak, gehiago erabakitzen du.

Filmerako Viggo Mortensen edo Elena Anaya aktore ezagunen izenak entzun dira… Zein fasetan dago egitasmoa?

Momentu honetan finantzazioa ixten ari da, baita lantalde teknikoa ere, behintzat sailetako buruak. Horretaz gain, lehenengo urratsak egiten ari dira nazioarteko casting-ari dagokionez. Izan ere, aktore horiek dira eskaintza gehien dituztenak; hortaz, horiek dira lehendabizi lotu behar direnak, datak direla-eta. Betiko moduan, ez dago ezer itxita, ezin dut askorik kontatu. Hori bai, asmoa da filma atzerrian saldu ahalko duen casting bat lortzea.

Telebistan ere egin lan duzu, telesailak zuzentzen, spot-ak eta bideo musikalak egiten… Dirudienez, film luzeak egitea zuzendari baten asmo gorena da, horrela al da? Non ikusten duzu zure burua erosoago? 

Formatu bakoitzak berea dauka. Nire proiektu zinematografikoak ateratzen aritu naizenenean, telebista nahikoa egin dut, telesailak batik bat, La Fuga, El Don de Alba, Gominolas edo La Hora de Jose Mota, besteak beste. Telebistan oso azkar egiten da lan, eta ia ez dago aktoreekin lan egiteko aukerarik. Horretaz gainera, norberaren “autoretza” oharkabe pasatzen da. Produktu bat egiten duzu beste zuzendari batzuekin batera, guztiok egiten dugu lan norabide berean. Erabakitzaileagoa bihurtzen zara, sintetizatzen ikasten duzu, eta trebezia handiagoa hartzen duzu.

Zineman, berriz, lan gehiago egiten duzu produktuaren osotasunean. Prozesuak historia guztia hartzen du, hasieratik amaierara arte. Hortaz, alde sortzailea esker handiagokoa eta pertsonalagoa da. Horretaz gainera, proiektuan askoz denbora gehiago ematen duzu. Nolabait esateko, obra osoa da, non modu pertsonalagoan jartzen zaren ikuslearen aurrean.

Telebistan ez du axola nork sinatzen duen obra; zineman, aldiz, filma zure sinadura da, proiektua enkarguzkoa izan arren, azkenean, zuk egiten baituzu.

Urte batzuk igarota, zer iruditzen zaizu Bosque de Sombras?

Bada, norberak egiten duen guztiarekin gertatzen ohi denez, nire lanaren gauza asko aldatuko nituzke, baina orokorrean oso gustura nago filmarekin. Uste dut nahikoa ondo zahartu dela, eta bere garaian gertatu zen moduan, uste dut emaitza buruan neukan ideiatik nahikoa gertu dagoela. Nire lehendabiziko lan luzea izateko, luxu itzela izan zen, eta harro nago egindako lanaz. Duela hamabost egun TVEko La 2 telebista katean berriro ikusteko aukera izan nuen, eta gozatu nuen ikusten lehen ez neukan ikuspegiarekin. Lehen esan dudan moduan, gauzatxo batzuk aldatuko nituzkeen arren, kar, kar.

Horrenbeste lan eta gero, marrazketan eta kartelgintzan aritzeko tarterik ba al duzu?

Egia esan, tarte handirik ez daukat. Batzuetan, storyboard-en bat egiten dut niretzat edo beste batzuentzat. Getxoko La Noche + Corta jaialdiko kartela egiten jarraitzen dut, jaialdi hori, gainera, nire lagun Borja Crespok koordinatzen du. Marrazteko denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake.

Madrilen bizi zara, zure lanbidean ezinbestekoa al da Espainiako hiriburua alde egitea?

Ezez erantzungo banu, gezurra esango nuke. Etxean lan egin dezakezu, baian azkenean, behintzat nire zereginari dagokionez, Madrilen egon behar duzu, ez dago beste biderik. Hemen mugitzen da ia guztia, bai telebista, bai publizitatea eta zinema, eta, halere, oso zaila da lan egitea. Kanpoan oraindik zailagoa da. Ea gauzak aldatzen diren, baina momentuz hau da daukaguna.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button