MUSIKA

Hasteko, Ray Davies eta George Clinton

Gaur hasi eta igandera bitarte iraungo du Donostiako 49. Jazzaldia. Urtero gertatu ohi denez, jaialdiak gero eta musika estilo gehiago biltzen ditu.

Hala, gaur bertan, jazz klasikoarekin zerikusi handirik ez duten bi izar izango dira Gipuzkoako hiriburuan: 60ko urteetako The Kinks pop-rock talde ingelesa zuzendu zuen Ray Davies, eta 70eko hamarkadako Parliament eta Funkadelic funk bandak pilotatu zituen Geroge Clinton estatubatuarra. Biak ala biak Agertoki Berdean izango dira: Davies 21:30ean, eta Clinton, berriz, 00:30ean.

Coca-Cola Light eszenatokian beste bi emanaldi interesgarri izango dira gaur: 20:00etan, Victor de Diego jazz saxo-jotzaile euskalduna eta Bartzelonako Za! bikote eklektikoa.

Beste kontzertu azpimarragarri batzuk hauexek dira: ostegunean, Enrico Rava Tribe eta Bobby McFerrin, Trinitate plazan, eta Agertoki Berdean, berriz, Delorean eta Echo & The Bunnymen pop-rock zaleak. Horrekin batera, post-punk estiloko Wire banda ingelesak Heineken Terrazan emango duen kontzertua nabarmendu behar da.

Ostiralean, Chick Corea & Stanley Clarke Duet-ek The Songs of Return to Forever emanaldia egingo du Kursaalen, eta Agertoki Berdean The Horrors izango dira. Trinitate plazan, bestalde, John Scofield jazz gitarra-jotzailea izango da, Überjam Band taldearekin.

Larunbatean, jazz zale amorratuek bi kontzertu izango dituzte Trinitate plazan: Dave Holland kontrabaxu-jotzaile klasikoak Prism aurkeztuko du, eta gero, Sun Ra Intergalactic Arkestra bandak Sun Ra musikariaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harira ondutako kontzertua emango du. Ra musikari mitikoarekin aritutako Marshall Allen-ek (saxo altua, txirula, kora) zuzentzen du Orkestra Intergalaktikoa.

Amaitzeko, igandean, Kristin Asbjørnsen eta Dee Dee Bridgewater izango dira Trinitate plazan; Iñaki Salvador San Telmo museoan arituko da, eta The Posies power-pop taldeak emanaldi akustikoa egingo du Mugaritzen hogei lagunentzat.

Egitarau osoa: heinekenjazzaldia.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button