IKUS-ENTZUN

Zinebik bere sariak banatu ditu

Aste zoragarria bukaerara heldu da sari banaketarekin. Pek Jia Hao & Ang Jia Junek zuzendutako Beyond The Other Shore film laburrak Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 65. edizioko Sari Nagusia irabazi du (7.000 euro). Epaimahaiak nabarmendu duenez, “bikain menderatutako zinematografia baten bidez, poesiaz betetako film labur honek dolu gogorraren bidetik garamatza, eta fintasun handiz, ikusleoi protagonistaren barne sentimenduen eta haren fisikoaren artean murgiltzeko aukera ematen digu, hilkortasunari, sinesmenei eta denboraren joanari guk geuk dugun pertzepzioari aurre egiteko”.

Euskal Zinemaren Sari Nagusiak Ximinoa (Itziar Leemans, 2023) dokumentalak eskuratu du. Epaimahaiak adierazi duenez, “bere apustu formal eta estetikoaren argitasuna alde batera utzi gabe, film laburrak poliki-poliki giro klaustrofobiko batean murgiltzen gaitu, eta protagonistak nahitaez esnatzen du, klase-kontzientzia hartzean”.
Espainiako Zinemaren Sari Nagusia El soldao (Alejandro Cabrera, 2023) dokumentalak lortu du. “Espainiako landa eremuan errotutako dokumental honek arreta handiz erakusten du oroitzapenen bilaketa, baina baita denboran zehar zer geratzen den eta zer falta den ere”.

Generoen araberako Mikeldi Sariak ere banatu dira: fikziozko film labur onenaren saria It Turns Blue (Abi mishavad) (Shadi Karamroudi, 2023) lanarentzat izan da. Animaziozko film labur onenaren saria La perra (Carla Melo, 2023) Frantzia-Kolonbia koprodukziorako. Eta dokumental labur onenaren saria The Veiled City (Natalie Cubides-Brady, 2023) filmarentzat izan da.

Sail Ofizialeko saririk handienari dagokionez (12.000 euro), ZIFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketako opera prima onenari emandakoa, garailea Maciek Hamelaren In the Rearview (Skąd dokąd) izan da. Eta Gazte Epaimahaiaren Saria (ZIFF), 2.000 eurokoa, Tamara García Iglesiasen Zarata euskal filmak jaso du.

Bestelako sariak eta lan sarituen gaineko xehetasunak Zinebik dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button