Desoreka Lezo

Desoreka 2000. urtean Lezon sortutako taldea da. Garai hartan, Iker Alzola eta Ibon Salaberria (gitarra), Asier “Suspe” (baxua) eta Iker “Martix”(bateria) elkartu ziren proiektu berri bat sortzeko. Beranduago Urko “Txitu” (ahotsa) elkartu zitzaien.

Aurretik beste esperientzia batzuetatik datoz eta influentziak oso zabalak dira. Musika mota konkretu batetik baino askotatik edaten duen taldea da Desoreka.

2002. urtean 5 abestiz osatutako lehen maketa grabatu zuten, Mikel “el Gordo”-ren eskutik. Maketa honekin Gaztemaniak lehiaketaren 6. diskoan parte hartu, Euskadi Gazteko maketa lehiaketaren finalera iritsi eta Ondarroako maketa lehiaketaren finalean jo zuten. Honekin batera 70 kontzertu inguru eskaini zituzten Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Horien artean aipatzekoak dira Jam aretoan Woodoo Glow Skulls talde kaliforniarrarekin emandakoa, Gazteszenan Iffy talde amerikarrarekin eskainitakoa edo Italiako zenbait gaztetxeetan emandakoak.

Pauso berri bat emateko garaia zela ohartuta abesti berriak sortzen hasi ziren.
2004ko azaroan 9 abestiz osatutako euren lehen diskoa grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan, Haritz Harreguy teknikariarekin. Iraupen luzeko lehen disko honetan metal eta rock gogorra, 70. hamarkadako erritmo funky-ekin uztartzen da. Abesti berdin batean erritmo lasaiak zati bortitzekin nahasten dira etengabean.
Aipatzekoak dira ere diskoan agertzen diren kolaborazioak;  Aiora Renteria (Zea Mays) “Emakume galdua” abestian Txiturekin abesten , Matxet (Jousilouli) “Hitza” abestian, Iban Nikolai (Didgeridooa) eta Gogi (perkusioa).

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin akordio batetara iritsi ondoren, diskoa 2005eko azaroaren 17an aurkeztu zen Donostian.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Iker Alzola: gitarra
Ibon Salaberria: gitarra
Asier “Suspe”: baxua
Iker “Martix”: bateria
Urko “Txitu”: ahotsa

HARREMANAK