Mahaster River Bergara

Mahaster River Bergarako formazio atipikodun hirukote elektrokustiko bat da: ahotsa, gitarra elektrikoa, 12 sokatako gitarra akustikoa eta baxua. Bateria eza eta hirukote honek lantzen duen soinu eta estilo-nahasketa dira taldearen ezaugarri azpimarragarrienak. Bertan rock, funk, blues, flamenko ukituak, eta abar, nahasten dira, eta kantu instrumental zein abestuak tartekatuz, taldekide bakoitzaren izaera eta influentziak islatzen dituen nahasketa berezi bati irteera ematen diote.

Hasierako urratsak 2003an Unai eta Mikelek konpartitzen zuten Bilboko Ribera kaleko ikasle-pisu baten eman ziren arren, taldea 2004ko abendura arte ez zen martxan jarri. Orduan, Unai Azkarate (gitarra eta ahotsa), Fernando Laskurain (12 sokatako gitarra akustikoa) eta Mikel Azkargorta (baxu elektrikoa) Bergarako Goiko Estaziñoko lokaletan biltzen hasi ziren, betiko moduan, bertsioak eta kantu propioak joteko, bestelako intentziorik gabe.

Tabernaz taberna eta gaztetxez gaztetxe ibili ostean ordura arte landutako kantuekin lehen diskoa plazaratzeko ordua iritsi zela erabaki eta 2006ko uztailan Irtenbiderik gabeko autobideak diskoa grabatu zuten Andoaingo Garate estudiotan, Haritz Harreguy eta Martxel Arkarazok lagunduta. Diskoa irailean kaleratu zen Gaztelupeko Hotsak zigilupean, eta izandako harrera onak zuzenean joteko beste hainbat ate ireki zizkion hirukoteari, Euskadi Irratiko Graffiti programan zein Durangoko Plateruena Kafe Antzokian Gari teloneatzen, besteak beste.

Gaur egun Nahasterrekan bigarren diskoa plazaratzekotan daude Mahaster Riverreko kideak. Disko hau Andoaingo Garate estudiotan grabatu dute ere, Martxel Arkarazo teknikari eta ekoizle lanak egiten ibili delarik.

Taldearen soinuari bestelako ikutu bat eman nahiez, hainbat lagun-musikari izan dituzte inguruan eta grabatutako kantuak biolin, saxo, eta teklatuaz, besteak beste, apaindu dituzte. Grabaketan inbertitutako denbora, energia eta inplikazioak emaitz benetan txukuna bihurtu dute berahala kaleratuko den Nahasterrekan.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Unai Azkarate: Ahotsa, gitarra elektrikoa
Fernando Laskurain: 12 sokatako gitarra akustikoa
Mikel Azkargorta: Baxu elektrikoa

Oharra: Kalesounden bildu diren kantuetan, taldekideez gain beste bi musikarik jotzen dute: Enrike Txurruka (teklatuak) eta Jesús Alvarez (saxoa).

HARREMANAK