Itziarren Semeak Uribe-Butroi eskualdea

punk

2006an batu ziren lehenengo aldiz Uribe-Butroi eskualdeko lagun koadrila bat Mungiako lokaletan. Helburu zehatzik gabe, baina ideia garbi batekin: ahalik eta zarata gehien egitea. Jebi Job, Manex eta Ibon izan ziren aitzindariak. Handik gutxira Kue hurbildu zen erritmoa ezartzera, ondoren Irkus saxoarekin eta gero Asier tronpetarekin. Lehen kontzertua eman aurretik George Argentina tronboilariak ere bere laguntza eskaini zigun.

Mungiako Ingule Gazte Asanbladaren eskutik 2007ko apirilean igo ziren estreinakoz taula gainera. Udan zehar hainbat kontzertu eman genituen Jatabe, Gatika (Artxubi), Fruiz eta Laukiz moduko kapitaletan eta eskualdeko tourra bukatu ondoren hilabete batzuetan isilik egon ginen. 2008ko martxoan bideari ekin genion berriro (Bakio, Gatika eta Fika) eta ekainean Ondarruko Santos Records-en 10 abesti grabatu genituen Ander Muted teknikaria zela.

Gure kantak ulertzeko bizi garen zonaldea ezagutu beharra dago. Jaungoikoa eta legezarra dogma diren tokian, egoera horri buelta eman nahi diogu sustraietatik. Belaunaldi berrien kontzientziak astintzeko asmoa dugu, umore onez eta jai giroan. Boteretsuen kontra egiten dugu gure doinuekin eta gogoan izango ditugu beti zapaldurik dauden guztiak.

Inspirazioa ere erraz suma daiteke. RRV-ren semeak gara. Kortatutik hasita, Negu Gorriak, Tijuana in Blue, Cicatriz, Eskorbuto, Hertzainak, Baldin Bada eta tankera horretako taldeak dira eragin musikalik garbienak. Ahaztu gabe gaztaroan entzun ditugun NOFX, Sick of it all edo Agnostic Front bezalako talde amerikarrak eta jamaikar doinuak.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Ibon: ahotsa
Jebi: baxua
Manex: gitarra
Kue: bateria
Irkus: saxoa
Asier: tronpeta