Capsula Bilbo - Argentina

Buenos Aires, Argentina: bikote rock zale batek talde bat sortzea erabakitzen du. Urte batzuk beranduago, rock and roll iluna, psikodelia eta punka maite duen talde hau estatuko ipurterrenetakoa bilakatu da. Sorterria utzi eta Bilbon errotu zirenetik, ibilbide oparo eta geldiezina garatu du hirukoak. Halaxe, hiru kontinente zeharkatu dituzte jada, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania (2008ko Popkomm jaialdian kontzertu itzela eman ostean Bcore zigiluaren parte izateko gonbitea luzatu genien), Irlanda, Herbehereak, Belgika, Portugal edota Hegoamerikan aritu direlarik. AEB-tan egonak dira halaber (Texaseko SXSW jaialdian sona handiko kontzertua eskaini zuten besteak beste). 'Songs & Circuits' (Liliput, 2007) estraineko lanaren ondoren dator 'Rising Mountains' hau, hasierako hartan aurreikusten ziren doaiak berrestera datorrena: benetako talde baten aurrean gaudenaren sentsazioa daukagu, jarrerari berebiziko garrantzia ematen dioenetakoa, modetan baino, bizitzeko modu honetan eta egiten duten horrenganako pasioan sinesten duenetakoa. Talde honek ondo egindako lana maite du eta euren musika berandu baino lehen txoko guztietara barreiatzeko jaioak dirudite; berehalakotasuna dute alde. The Velvet Underground, The Stooges, hasierako David Bowie, Television... euren eragin musikalen bidetik, Capsularen zuzenekoak adrenalina eta izerdi leherketak dira. Energia hori guztia diskora eraman asmoz, grabaketa prozesua euren erara moldatu dute: Bilbon eroso-eroso grabatu eta New York-en nahasketak egin, NYHed estudioetan hain zuzen ere (besteak beste The Jon Spencer Blues Explosion aritu izan dira bertan). Ivan Julian izan da nahasketon ardura bere gain hartu duena (Richard Hell & The Voidoids-en gitarra jotzailea berau). Ekoitzi dituen artisten zerrenda luzea da: The Fleshtones, Heavy Trash, James Chance & The Contortions... Capsularen zuzenekoa, baina, ez da alderdi musikalean geratzen: ikusentzunezko materiala gehitzen diete kontzertuei eta horrez gain bitarteko teknologiko anitzak. Honek guztiak nola-halako garaje-rock futuristaren kasu bakan bilakatzen ditu Capsulakoak, Espainian ezagutzen ez dugun Hegoameriketako rock undergroundaren eraginaz zipriztinduta, betiere. Talde hau berezia baita zinez. Hauxe da bakerik emango ez digun talde baten bigarren abiapuntua.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Martin Guevara: Ahotsa eta gitarra
Coni: Ahotsa eta baxua
Alberto Diez: bateria