Kherau Bizkaia

Folk

Kherau taldea 2010ean sortu zuten lau bizkaitarrek, lehendik ere ezagunak eta lagunak, musika proiektu komunetan ibilitakoak baitira. Ibon Ordoñezek eta Iker Lope de Bergarak orain dela hamar urte egin zuten topo eta hor dago Kherau taldearen lehen ideiaren aztarna laguntasunaren iturritik begiratuta. Musikazale amorratuak, Euskal Herriko musika tradizionalaren eta musika tresnen sakoneko ezagutza dute. Zaletasun berberak batu ditu eta erabaki dute bidea ematea Kherau taldeari. Interesgarria da taldekideak beste zein musika taldeetan ibili diren jakitea: Ibon Ordoñez (Gartxot, Ruaille Buaille, soinu teknikari eta hainbat diskotan kolaborazioak egin ditu), Gaizka Andollo (Karramarro, Albokale, Tirauki), Iker Lope de Bergara (Lamien Arnasa, Lutxanako Dultzaina Eskola, Urgabe, Korrontzi, txistu eta alboka irakaslea), Aitor Esteban Etxebarria (Nihl, Apnea, Kandela, Aritz Ogiza, Yavhe, bertsolaria) eta diskoa bukatu bezain laster bosgarren kidea lotu zaie, Alex Garcia. Kherau taldekoek musikaren aniztasunak erabili dituzte euren aurreko taldeetan: rocka, power-rock, popa, plaza taldea, bakarlariak, folk-rocka, folk tradizionala… Kherau taldekoek musikaren aniztasunetik folk tradizionalari ekarpena egingo diote, sakonketa modu jostalariz janzteko.

Kherau taldearen lehenengo diskoa Munduan ortozik Ibon Ordoñezek grabatu du Amurrioko Kukuzubi estudioan (Araba) 2010ean. Kike Morak nahastu eta masterizatu du Bilboko K.M.T. estudioan 2010eko irailean. Kherau eta Kike Morak egin dute musika ekoizpena. Musikari gonbidatuen alorrean, Eneritz Gorritxategik trikia jo du eta Isabel Sierrak trikia eta koruak egin ditu. Hainbat luthierren laguntza jaso dute musika tresnak bere modurik egokienean egon zitezen grabaketa ordurako.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Ibon Ordoñez: Ahotsa, bouzouki irlandarra eta gitarra
Iker Lope de Bergara: Ahotsa, Alboka eta flautak
Aitor Esteban: Baxu elektrikoa
Alex Garcia: Trikitixa
Gaizka Andollo: Kajoia eta djenbea

HARREMANAK