Trumbo Gasteiz

Rock

Gasteizen sortua Dalton Trumbo idazlearen omenez, eskarmentu handiko talde berria dugu Trumbo. Urte bete baino ez zaigu joan taldea sortu zenetik, baina bere kideek badakite zer den musika munduan aritzea: Gorka (Kashbad taldean izandakoa), Eneko (Näut) eta Kanda (Neubat, Vice Presidentes, Sorkun...) osatzen dute proiektu berri honen bizkar hezurra.

Hirukotearen proposamena abesti pisutxuak eta gordinak eskeintzea da, baina keinu dotoreei muzin egin gabe. Beraien lehengo lana osatzen duten hamar kantuetan zehar doinu rockeroak (Korronte beroak/Korronte hotzak, Vesuvio...), astunak (Hiru Erregeen Mahaia) edo melodia hunkigarriak (Niagara, Heldu Liana...) entzun ahal izango ditugu.

Desertua eta itsasoa, lurra eta zerua, leuna eta latza... Kontrasteetan mugitzen zaigu taldea bere musikan. Bateria ahaltsuak, baxu oldarkorra eta gitarra zauritzaileak errezeta, gasteiztarrek Helmet, Dut edo Prong bezalako iturrietatik edaten dute.

Lehenengo urratsa emanda dute: aurreneko lana kalean da eta entzunda izateko prest. Orain hirukoteak lan berri honetan adierazitako indarra zuzenean berresten ikusiko dugu Euskal Herrian zehar.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Gorka: baxua
Eneko: bateria
Kanda: gitarra eta ahotsa

HARREMANAK