Mursego Eibar

Pop

Saguzarrek buruz bera begiratzen diote munduari. Baina alderantziz ikusten al dute mundua? Maite Arroitajauregik (Mursegoren atzean ezkutatzen den Houdini mago eibartarrak) ere bere ikuspegi bereziaz begiratzen dio inguruneari. Agian saguzarrek bezala buruz behera ez, baina dudarik gabe bere leku propiotik. Ikuspegi berezi horrek eraman du eskarmentu handiko musikari hau ehun eta laurogei graduko hainbat eta hainbat buelta ematera.

Gazte-gaztetan jaso zuen formakuntza klasikoa, handik pop eta rock mundura salto egiteko, txiribuelta aski eleganteaz, gainera: Kukka proiektua martxan jartzea hainbat lagunekin batera, Moraurekin lehen grabaketa, Lisabörekin maketa zein diskak… Eta bide horretatik jarraitu du, bidezidorrik hartu gabe, astiro astiro. Soinu bandak, kolaborazioak, dantzarako piezak… Eta azkenean hainbatek eta hainbatek horrenbeste espero genuen Mursego proiektua.



Saguzar tristeak, banpiro melankolikoak, iraganik gabeko emakumea edota heroi handia bilakaturiko arotza lotsarik gabe agertoki berean dantzan. Ume zein helduak irribarrez eta liluraz, txeloa ukelele eta casiotone teklatu batekin elegantziaz nahasten dituenean. Umoreak gauza serioak esaten dizkigun bitartean, jabetzen gara inozentziak ez duela deus iñuxentetik, eta konturatu orduko begiak lausotu zaizkigu, irribarrea aurpegitik desagertu gabe ordea. Izan daiteke gure Euskal Herri honetan pop, naïf izan gabe? Izan daiteke esperimentala, handinahirik gabe? Eragin daiteke barrea, barregarri izan gabe? Bai, badaiteke, bihotzarekin egiten denean kantu.

Jokin Azpiazu, OkerrekO

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Maite Arroitajauregi