Asier Lopez Iraola Beasain

Tradizio ezberdinetako musika

Beasaindarra naiz jaiotzez eta Donostian bizi naiz. Txikitatik hasi nintzen bateria jotzen nire kaxa. 7 urte inguru nituela. Ordutik eta nerabezaroan zehar talde ezberdinetan jo nuen, thrash core, hardcore eta 90eko hamarkadaren amaieran pop eta rock independentearen esparruan murgildu nintzen.

Denborarekin musika klasikoa deitzen dena, kontserbatorio ildoko musika garaikidea eta jazza entzuten joan nintzen, eta bakarko bidea hasteko grina sartu zitzaidan. 2000. urtea izango zen. Honela, Bilbon Filosofia ikasketak bukatu ondoren Bartzelonara joan nintzen eta bertan egon nintzen 2 urte t’erdi solfeoa, armonia klasiko eta modernoa eta pianoa ikasten. Musikenera konposizioa ikasteko helburuarekin frogak prestatu eta onartu egin ninduten. Hurrengo 5 urteak Donostian pasa nituen Musikenen. XX.mendeko musika idatzian sakondu nuen. Baita mendebaldeko musika idatziaren historian ere. Bestalde, grabaketa teknika ikasi nuen orokorrean eta musika elektronikoan asko aritu nintzen.

Musikeneko ikasketak bukatu nituenean seikote bat sortu neure grina estetiko anitzei irtenbidea emateko seikote bat sortu nuen klasiko eta jazzeko musikariak nahastuz, aldi berean popean ere aritzen zirenak. Orduan hasi nintzen proiektuei Asier izena ematen. Bateria+ pad-ak, klarinetea, biolina, baxua, gitarra elektrikoa, eta ni abesten, pianoa, Prophet-a eta elektronika. Euskarazko abestiak ziren.

7 abesti grabatu genituen 2010eko udan (http://www.myspace.com/asiersongs) eta kontzertu bat eman. 2011ko udan abesti oso esperimental batzuk egin nituen ingelesez. Elektronika + ahotsa. Inner exile izena zuen sailak.

2012ko udan, pertsonalki hobeto, ikasturtean zehar landutako abesti berriak grabatu nituen. 5 ziren eta bertan euskara berreskuratu nuen. Formalki, asmoa abesti labur eta konbentzionalagoak egitea zen; 3-4 minutu, egitura erraza, baina dena oso esanguratsua.

Instrumentalki, nahiz eta elektronika funtsezkoa izan, musika tresna akustikoak jotzeko gogoa eduki nuen.

Errotik tradizio ezberdinetako musika-tresnetan esperimentatuz sortu den abesti sail bat da. Agian gehiegitxo esatea bada ere,epoché musikal bat egitea zen helburua. Hortik grezia klasikoko musika-tresna arketipikoa (Orfeo eta Hermes mezulariarena), lira, erabiltzearena. Moko xirula egurrezko haizezko musika-tresna generiko bat bezala (kobetan agertu ziren lehen musika-tresnak egurrezko haize tresnak ziren). Duduka, armeniar antzinatiko musika-tresna.Gero erdi-aro europarreko arkuzko salterioa. Konku tibetarra eta krotaloak. Atabala eta txalaparta. Azkenik elektronika. Hitzei dagokionez ere egon da murrizketa desio bat (Geldi, Erroak eta Ahuenan bereziki ageri dena), adjektibo ia gabe, leku eta denbora zehatz edo historikoei buruzko informaziorik ez, funtsean izenorde-aditzez osatutako testuak. Erroak-en gainera, izenorde, atzizki eta aditz denbora ezberdinez osaturiko eta berez existitzen ez diren hitzak sortzen dira.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Asier Lopez Iraola: instrumentu guztiak

HARREMANAK