Ozen Arrasate

1999 eta 2000 urteen bitartean Julen eta Iker talde bat osatzeko asmoz elkartu ziren Arrasaten, horrela Ozen taldeari hasiera emanez.

Hasiera batean euren talde gogokoenen bertsioak jotzen zituzten, baina geroxeago lagunak dituzten Anger taldeko Alberto eta Beñatekin batera hasi ziren kanta propioak sortzen. Julen (ahotsa eta gitarra), Alberto (gitarra), Beñat (baxua) eta Iker (bateria) ziren taldekideak garai hartan. Hasiera batean oporretan besterik ez zuten entseatzen, Julen Bartzelonan baitzegoen ikasten. Dena den, 2001 urterako bazeuzkaten zazpi kanta inguru, eta urte bereko irailean hauek maketa batean grabatzea erabaki zuten Albertok lokalean zeukan 8 pistako aparatu baten bidez.

Grabaketa honen ostean kontzertu bat bakarrik jo zuten, 2002ko irailean Eskoriatzako gaztetxean Albertoren agurra izan zena hain zuzen ere, Bartzelonara joan baitzen ikastera. Hala, denbora dezente igaro zuten jo gabe, Beñatek Angerrekin jotzen zuelako eta Julen Bartzelonan zegoelako. Julenek ikasketak amaitzean, taldea modu serioago batean hartzea erabaki zuten. Horretarako, Joseba hasi zen gitarra moduan eta 2004 urte hasieran beste maketa bat grabatu zuten 8 kantu berrirekin.

2004 urteko udan Mikel Kazalisekin 13 kantuko lana grabatu zuten Fidelenea estudioan. Ordutik kontzertu ugari eman dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan eta bi lehiaketatan aurkeztu dira; Danbaka! (Debagoieneko I. musika lehiaketa) eta Euskadi Gazteako Maketa Lehiaketan, azken honetan 8. postua eskuratuz entzulearen sariari dagokionean.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Julen Ribas: ahotsa eta gitarra
Joseba Lizaranzu: gitarra
Beñat Unzueta: baxua
Iker Leibar: bateria

HARREMANAK