Sei Urte Durango

SEIURTE, 1997. urtean sortu zuten Julen Oarbeaskoaga eta Iokin Elortzak. Aurretik hainbat musika taldeetan ibiliak ziren, IZURRAIn biak eta MARTXOAK 31n Iokin. Musika munduan sei urte lehenago hasiak zirenez, hura mugarri lez erabili, eta proiektu berriari SEIURTE deitzea erabaki zuten. Handik gutxira, bateria jotzen, aurretik TAUPADA taldean baxua jotzen zuen Iker sartu zen. Hirukote izanik, bere lehenengo kontzertuak ematen hasi eta lehenengo maketa grabatu zuten 1998. urtean "...orain... " deiturikoa. 2000. urtean Ikerrek taldea utzi eta jarraian Ekain Elortza, Hissopus taldeko bateria jolea, elkartu zitzaien.

Ekainen sarrerarekin bere soinua gogortzea erabaki zuten 2001. urtean "Non" bigarren maketa grabatu zuten. Maketa hau aurkeztu eta gero, hainbat urtetan egindako abestiekin bildumatxo bat egitea erabaki zuten. Grabaketa honen ostean taldean beste gitarra jole baten beharra ikusi zuten eta horrela Iñaki Elortza sartu zen.

Bildumatxo horrekin, Euskadi Gaztea 12. Maketa lehiaketaren irabazleak suertatu ziren eta horrek Metak diskoetxearekin euren lehenengo KDa grabatzeko ateak ireki zizkien. 2003. urteko udaberrian "Bapatean" kaleratu zuten, euren lehenengo diskoa. Bertan, aurreko urteetan sortutako abestietako batzuk zeuden, euren gustokoenak edo ordurarte euren ibilbidean esanguratsuenak zirenak.

"Ekiozu" bigarren diskoaren grabaketa 2004ko urtarrilean hasi eta martxoaren hasieran amaitu zuten bere entsegu lokalean eraikitako grabaketa estudioan (Estoldetan estudioak). Disko honen grabaketa eta ekoizpen osoa bere gain izan zuten (naiz eta Maikelen laguntza teknikoa ezinbestekoa izan). Diskoa hori ere METAK diskoetxearekin kaleratu zuten. Disko horretan aurretik eginak ez zituzten gauzak ere egin zituzten, pianoa sartu, sokazko instrumentuak erabili, abestiren batean ingelesez abestu, efektu berriak sartu... guzti harekin lehenengo diskoarekin alderatuz aurrera pauso bat eman zuten eta baita nahi zuten diskoa lortu ere.

"Jauzia" azken diskoa da lan gehien eman diena baina baita ere emaitzarekin gustokoen daudena. Ez dute soilik grabaketaren prozesu teknikoa bere gain izan baizik eta diskoa kaleratzeko bere zigilu propioa sortu dute (ESTOLDETAN) eta hasieratik eta diskoa dendetan izan arteko prozesu guztia bere gain izan dute.

AUDIO DESKARGATU

PARTAIDEAK

Julen Oarbeaskoaga: baxua
Iñaki Elortza: gitarra eta ahotsak
Iokin Elortza: ahots nagusia eta gitarra
Ekain Elortza: bateria

HARREMANAK