ARTEA

“Guernica”-ren sortze prozesua aztergai Artiumen

José Ramón Amondarain pintore gipuzkoarrak Urgencia izeneko instalazioa aurkeztu du Gasteizko Artium museoan, Denbora eta premia (Guernica) izeneko erakusketaren baitan. Erakusketa irailaren 2ra bitarte ikus daiteke eta Pablo Picassoren Guernica margolan ezaguna du ardatz.

Horretarako, Picassok eginiko maisulanaren sortze prozesua jorratu du Amondarainek Urgencia izeneko instalazioan. Bertan, margolanaren egikeraren prozesua ikus daiteke zortzi fasetan. Instalazioa tamaina handiko zortzi oihalek osatzen dute, beraz.

Erakusketa kronologikoki atondu dute, hasierako zirriborroetatik azken lanera arte. Hala, Dora Maar argazkilariaren irudien laguntzarekin, bisitariak margolanak dituen geruza ezberdinak ikusi ahalko ditu. “Irudikapenen eta erreprodukzioen joko bat sortzen da; margolan bati argazkiak egin zaizkio eta argazki horiek, gaur egun, margotu egin dira, bi dimentsio bilduz: argazkian agertzen den margolana eta argazkia bera”.

Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak ohar bidez jakinarazi duenez, “erakusketa Pablo Picassoren Guernica-ren ikono balioari eta izaera mitikoari buruzko saiakera da”. Daniel Castillejo izan da erakusketaren komisarioa eta Artiumek ekoitzi du beste erakunde batzuen laguntzarekin.

Instalazio honetaz gainera, Artiumek Pablo Picassoren Guernica-rekin lotutako beste bi erakusketa ondu ditu. Batetik, Premiaren garaia (maiatzaren 18tik irailaren 2ra), Pilar Albarracín, Daniel García Andújar, Cristina Lucas eta Pepo Salazar artisten lanekin eta bestetik, Guernica-ri buruzko liburu eta dokumentuen erakusketa izango da, Guernica. Historia, oroimena eta interpretazioak izenekoa eta ARTIUMen Liburutegiak antolatua (apirilaren 20tik irailaren 14ra).

Erakusketa zabal honekin loturiko xehetasun guztiak Artiumen webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button