IKUS-ENTZUN

“Animal Farm” filma, Gasteizeko “Distopiak eta zinea” zikloan

Zine distopikoari buruzko zikloa egiten ari dira Gasteizko Montehermoso zentroan, Etorkizun Inperfektua(K): Distopiak eta zinea izenburupean. 1927 eta 2003 urte bitarteko hamar film pantailaratuko dira apirilaren 25era bitartean, guztiak distopia kontzeptuari lotuak. Bihar, urtarrilak 24, Animal Farm (1954, John Halas eta Joy Batchelor, Erresuma Batua) animaziozko filma ikusteko parada egongo da.

Montehermoso zentroaren arabera, “Distopia terminoak –politikari eta ekonomista britainiar John Stuart Mill-ek 1868an sortua–, fikzio bat ematen digu aditzera. Fikzio horrek xehetasunez deskribatzen du gizarte futurista bat, zitala berez, non aurrerabide sozialean, teknologikoan, moralean jarria dugun sinesmena zeharo suntsituko baituten era guztietako gehiegikeriek eta abusuek, progresua lortu nahian aurrera eramandakoek…”.

H. G. Wells, George Orwell, Aldous Huxley, Karel Capek edo J. G. Ballard idazleak izan ziren distopia literarioak jorratu zituzten aitzindariak. Zinean ere, kasu askotan aipatutako idazleen testuetatik abiatuta, askotariko distopiak pantailaratuko dira; tartean, Metropolis (1926, Fritz Lang, Alemania); Alphaville, une étrange aventure de Lemmy Caution (1965, Jean-Luc Godard. Frantzia-Italia); Animal Farm (1954, John Halas eta Joy Batchelor, Erresuma Batua), edo Fahrenheit 451 (1966, François Truffaut, Erresuma Batua).

Bada, film horiek guztiak, orotara hamar, Montehermoso zentroan ikusi ahalko dira 2018ko apirilaren 25era bitarte. “Ahalmen handiko diskurtso bisual batez baliatu diren filmen unibertso trinko eta erakargarri honetatik itzal handiko zinemagile ugari igaro izan dira, haien artean, Fritz Lang, Ridley Scott, Stanley Kubrick, Jean-Luc Godard, Peter Brook edo Michael Haneke, batzuk aipatzearren”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button