MUSIKA

Ruperren disko berria, argitsua eta anitza

Ruper Ordorikak Lurrean etzanda (Elkar) izenburuko lana aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Diskoa “argitsua eta anitza” dela esan du musikari oñatiarrak. “Askotariko diskoa da, formalki eta baita interpretazio aldetik ere”. Horrekin batera, inoiz baino gusturago aritu dela estudioan gaineratu du: “Inoizkorik libreen sentitu naiz”.

Ordorika hizketan hasi eta berehala, Alberto de La Casa Mugalari ohiaren garrantzia aipatu du, izan ere, berari erakutsi ohi dio hasiera-hasieratik Ordorikak egiten dituen kantuen zirriborroak. “Gure harremana azpimarragarria da, nire sparringa da, eta nire kantuek asko zor diote”. Hartu-eman horren garrantzia nabarmentzeko, Ordorikak Alberto de La Casa eta bera jasotzen dituen argazkia ere plazaratu du diskoaren liburuxkan.

Ruperrek aipatu duen bigarren izena Leo Abrahams gitarra-jotzailea izan da. Kenny Wollesen diskoko bateria-jotzailearen bitartez ezagutu zuen gitarra jotzaile ingelesa, zeinak Brian Eno edo Antony and the Johnsons musikariekin jo duen. Bi musikari horiei Simon Edwards baxu-jotzailea gehitu zitzaien, eta laurak Elkar estudioetan bildu ziren, zuzenean, hiru egunez, iragan irailean. Kantuak ondo landuta eraman zituen Ruperrek, eta estudioan kantuek euren bidea egin dute. “Ezagutzen ez dudan tokiren bat ukitu dut disko honetan”, nabarmendu du Ruperrek, pozik, hunkituta lortutako emaitzarekin. Hiru eguneko saio “potente” horiek zintan jaso, eta Azkarate estudioan egin ditu nahasketak eta masterra, Jonan Ordorikaren gidaritzapean. “Inoiz baino gehiago jo dut disko honetan”, gaineratu du. Kantuetan, Jamie Saftek New Yorken grabatutako Hammond organoa eta Wurlitzer pianoa ere entzuten dira.

Hitzen harira, guztiak Ordorikak idatzi ditu, bat izan ezik; hain zuzen ere, diskoari izenburua ematen dion kantua, zeina Dionisio Cañasen poetaren testu batean dagoen oinarrituta. “Poemak dio zerutik gertu ez duela bizi nahi, nahiago duela lurrean etzanda egon”, alegia, bizitzatik gertu, bere une on eta txarrekin: “maitasuna, gorrotoa…”.

Diskoaren diseinua ere bete-betean asmatu du Oskar Alegriak. Azalean, Ruper agertzen da, txikitan, bere osaba Bernardoren eskutik helduta, Mungiako Concordia kalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button