IKUS-ENTZUN

Zinegoak jaialdiak sariak banatu ditu

Bilboko LGTBIQ+ zine eta arte eszenikoen jaialdiak edizio honetako sariak banatu ditu, eta hala, Zinegoak Sari Nagusia (4000 euro) Rita Baghdadi zuzendariaren Sirens dokumentalarentzat izan da. Epaimahaiaren ustez, “panorama konplexua kontatzen du, non gatazka politiko, sozial eta kulturala gorputzaren praktikekin lotzen den, aldaketa eragile gisa, gorputza desio, sormen, erresistentzia eta eraldaketa sozialerako leku gisa eratuz: erregimena erori ostean sortu diren disidentzien ispilu”. Sirens ere izan da DOK kategoriako saridun nagusia, baina bertako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juliaca Carik zuzendutako Uyra, a retomada de floresta lanari.
FIK sailari dagokionez, Julia Muraten Regra 34 filmak irabazi du, “pelikula ausarta da, desioak mugak apurtzen dituelako eta gorputzak kokatuak eta politikoak direlako”. Eta KRAK sailean, Theo Montoyaren Anhell69 lanak jaso du saria, “zinematografia-elegia boteretsu eta liriko baten bidez Medellingo queer gazteek jasaten duten indarkeria agerian uzten duelako”.

Publikoaren saria, 1000 eurokoa, Dania Bdeir-en Warsha film laburrarentzat izan da. Lan horrek ere Senior Epaimahaiaren saria ere irabazi du, “aurrez aurre dauden bi munduren gainean eraikita dagoelako: mundu zapaltzaile eta ilun batetik, zailtasunez eta arriskuz beteriko bide baten ondoren, bere barne askatasuna bizitzera igarotzen delako”.
Gazte epaimahaiak, Isa Luengo eta Sofia Esteve Santojaren Perpetua felicidad film laburra saritu du.
Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Tünde Skovranen Who I Am Not film luzea saritu du, “oraindik oso ikusezina den sexu arteko disidentziaren bi bide desberdin eskaintzen dituelako. Pertsona intersexualen bizitzak zeharkatzen dituzten egiturazko indarkeriak erakusteaz gain, filmak loturak eta laguntza eta zaintza sareak ere erakusten ditu”.

Lesbianismoaren eta Generoaren sariari dagokionez, saria Casa Susanna lanarentzat da, Sébastien Lifshitz-ena (Zinegoak 2021eko ohorezko saria). Horrez gain, aipamen berezia jaso du Tünde Skovrango zuzendariaren Who I Am Not filmak.

Zinegoak jaialdiaren aurtengo edizioa amaituta, sail ofizialeko film batzuk Filmin plataforman ikus daitezke uztailaren 5era arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button