IKUS-ENTZUN

Bilboko FAS zineklubaren 60. urtebetetzea

Bilboko FAS zineklubak, Europan indarrean ari den zaharrenetakoak, 60. urte beteko ditu 2013. urtean. Urteurren hori behar bezala ospatu ahala izateko zine estreinaldiak, zikloak, hitzaldiak eta zinegileen bisitak antolatuko dira saoi bereziekin batera. Ospakizunetako hasiera gaur arratsaldean bertan izango da El Estudiante film argentinarraren estreinaldiarekin.

Urteurrenaren programazio berezia gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Udaletxean, Ibone Bengoetxea Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, eta Txaro Landa eta Txus Retuerto FAS zineklubeko presidenteak eta presidenteordeak.

“Bilbon zinemari buruz berba egitea FAS zineklubari buruz berba egitea da”, esan du Ibone Bengoetxea zinegotziak, klubak urte hauetan guztietan egin duen lana eskertzen zuen bitartean.

Txus Retuertok bere aldetik, datorren urteko programazioaren zertzelada batzuk eman ditu. Hala, David Trueba, Enrique Urbizu, Michel Gaztanbide, Fermin Muguruza edo Pablo Berger zinegileak hurbilduko dira, besteak beste, astearteetako saioetara, zinemaren hizkuntzaz eta obra zehatzez mintzatzera. Bertan ere, solasaldiak egongo dira kritikariekin eta adituekin.

Ziklo bereziak ere antolatuko dira datorren urtean. Bat, 1953an estreinatutako zenbait pelikulekin burutuko da, izan ere urte horretan jaio baitzen kluba. Hala, Yasujiro Ozuren Cuentos de Tokio eskainiko da. Horrez gain, eta 60. urteurreneko ekitaldiei amaiera emateko, urtearen bukaeran FAS zineklubak Peter Greenaway zinegile eta artista britainiar handiaren bisita jasoko du. Peter Greenaway zinegile-artista europarraren prototipoa da, egungo merkataritza zinearen balizkoetatik erabat aldenduta dagoena.
FASek sari berezia ere emango du maiatzaren 3tik 10era egingo den FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren barruan.

Zinekluba irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da, eta bere jarduera 1953an hasi zituenetik helburu bakarrez aritu da: zine ezberdin bat eskaintzea, kultur aktibismoaren ideiapean.

Datak, pelikulak eta bestelakoak, klubaren webgunean dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button